}

Ahoan dute termitek indarra

2009/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ahoan dute termitek indarra
2009/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: STRI)

Termes panamensis termita da barailaz eraso azkarren egiten duen animalia. Hain zuzen, segundoko 70 metroko abiaduran mugitzen dute termitek baraila hozka egitera doazenean. Tropikoen Ikerketarako Smithsonian Institutuko neurobiologia-laborategi berrian neurtu zuten abiadura hori termita horien portaera aztertzen ari zirela, garunaren miniaturizatzearen eboluzioa ezagutzea helburu duen ikerketa batean. Harrituta utzi zituen zientzialariak, ez baitzuten uste horrelako abiadura handian mugitzen zirenik.

Ezin izan dute begi hutsez ikusi termiton erasoa, giza begiak hauteman dezakeena baino azkarragoa baita, intsektu askoren mugimenduak bezalaxe. Hortaz, horiek ikertzeko, abiadura handiko kamerak erabili behar izaten dituzte zientzialariek.

Hartutako irudiak aztertzean ikusi ahal izan zuten barailak deformatuta lortzen dutela termitek horrelako abiadura handia hartzeko behar adina indar. Hozka egiteko unea iritsi arte, elkarren kontra estututa izaten dituzte barailak, erasorako prest.

Hozkada azkar horiek oso babes-mekanismo eraginkorra dira termitentzat. Hain txikiak eta arinak diren animalientzat ez da erraza min emateko gai izatea, eta, hori lortzeko, abiadura handian oinarritu behar dute, ezinbestean.

1
249
2009
1
015
Zoologia
Berriak labur
9

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia