}

Aire zikinena hemen

2002/12/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Airearen kalitateari begiratuta, Europako mendebaldea eta hegoaldea munduko gune zikinenetakoak dira. Gurekin batera, zerrendaren lehen postuetan daude Estatu Batuetako ekialdea eta Txinako ekialdea.

Ikertzaileak NASAren eta ESAren sateliteek bildutako datuez baliatu dira airearen kalitatearen mapa egiteko. Hiru poluitzaileren kontzentrazioak aztertu dituzte: karbono monoxidoa, nitrogeno dioxidoa eta aerosolak. Emaitzen arabera, Europako hegoaldea zein mendebaldea eta Estatu Batuetako ekialdea zein Txinakoa dira eskualderik poluituenak. Eskualde horiek munduko gune industrializatuenetakoak dira.

Urtaroen araberako poluzioa

Urtaroekin poluzio-maila zer edo zer aldatzen da. Txinako ekialdean, esaterako, nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioa igo egiten da neguan eta aerosolek, berriz, udan izaten dute kontzentrazio handiena. Aerosolen kasuan, jarduera industrialak eta Gobi basamortutik iristen den haizeak sortzen dituzte gorabehera horiek.

Behin atmosferan, poluzioak aire-lasterrekin batera bidaiatzen du eta inguruko eremuetako airearen kalitatea murriztu egiten du. Ikerketan ikusi denez, karbono monoxidoa eta nitrogeno dioxidoa Txinatik Japoniara eta Ozeano Bareko iparraldera zabaltzen dira.

Ikerketa honen berri American Geophysical Union elkarteak urtero egiten duen bileran eman dute NCAR erakundeko ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia