Airea girotzeko sistema garbi eta merkea
2001/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aire-girogailuek energia asko kontsumitzen dute, eta, gainera, erregai fosilak erretzen badira, karbono(IV) oxidoa isurtzen dute airera. Bi arazo horiek konpontzeko, Nottingham-eko Unibertsitateko David Etheridge eta David Rae zientzialariek airea girotzeko sistema garbi eta merkea asmatu dute. Sistema, batez ere, Ipar Europako klimarako da egokia, hau da, bero handia egiten ez duen lekuetarako;izan ere, tenperatura 2-3 ºC inguru jaisten da. Sistemaren oinarriak berezko aireztatzea eta fase aldaketako materialak (PCM) dira. Material horiek solidoak edo likidoak izan daitezke, tenperaturaren arabera.
Egunez, haizagailuaren bidez, gelako aire beroa PCM solidoa duen biltegietara bideratzen da. PCMak airearen beroa xurgatu eta, apurka-apurka, likidotu egiten da; hoztutako airea, aldiz, berriro gelara ponpatzen da. Gauean, ostera, alderantzizko prozesua gertatzen da.
Lehenengo, haizagailuaren noranzkoa aldatu eta gaueko aire hotza gelan sarrarazten da. Gero, aire hotz horrek egunez aire beroak egindako bide bera egiten du; oraingoan, ordea, PCMa likido-egoeran dago, eta aire hotzarekin kontaktuan jartzean solidotu egiten da. Askatutako bero sorrak gelako airea berotzen du eta aire hori gelatik kanpora ponpatzen da. Hartara, PCMa berriro solidotu egiten da, eta prest dago hurrengo egunean prozesu bera errepikatzeko. Sistemaren prototipoa egiteko, zientzialariek sodio sulfatoa erabili zuten PCM gisa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia