Airearen kutsadurak eta trafikoaren zaratak hipertentsioa eragin dezakete
2016/10/27 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kutsadurak Europako biztanleengan epe luzera nola eragiten duen aztertzeko jaio zen ESCAPE proiektua, eta emaitzak argiak dira: airearen kutsadurak eta trafikoaren zaratak hipertentsioa eragin dezakete, arazo kardiobaskular eta heriotza askoren atzean dagoen gaixotasuna.
Ikertzaileen arabera, airearen kutsadurak gehiegizko pisua edukitzearen pareko eragina du hipertentsioari dagokionez; 25-30 bitarteko Gorputz Masaren Indizea edukitzearen parekoa, hain zuzen ere (18,5-25 bitarteko indizea da pisu normala). Airean dauden hainbat tamainako partikulen kontzentrazioa neurtu dute, tartean 2,5 mikrakoak –biriketan sakonki barneratzen direnak–, eta hauxe ondorioztatu dute: 2,5 mikrako partikulen kasuan, airean metro kubikoko 5 mikrogramo gehitzen den bakoitzean % 20 handitzen da hipertentsioa izateko arriskua.
Trafikoaren zaratarekin ere antzeko ondorioa aztertu dute. Baina argi utzi nahi izan dute airearen kutsadura kimikoa eta trafikoaren gehiegizko soinuaren eragina modu independientean aztertu duen lehenengo ikerketa dela. Hori garrantzitsua da, bi kutsadura-motak murrizteko har daitekezkeen neurri prebentiboak desberdinak baitira.
Badirudi airearen kutsadurak eta zaratak bide desberdinetatik eragin dezaketela hipertentsioa: aire-kutsadurak bihotzaren eta odol-hodien inflamazioa eta estres oxidatiboa eragiten du (gorputzean pilatu diren molekula kaltegarriengatik), eta nerbio-sistemanaren funtzionamenduan desoreka ere ikusi dute. Trafikoaren zaratak, ordea, badirudi nerbio-sistemaren eta sistema hormonalaren funtzionamenduan eragin dezakeela.
Ikertzaileek adierazi dute Europako ohiko kutsaduretatik behera bizi diren pertsonengan ere ikusi dutela poluzioaren eragina. Horrek agerian utzi du egungo legediak ez gaituela aire-poluzioaren eragin kaltegarriez modu egokian babesten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia