Aitor Artetxe: "Asko ikasi dugu Ipar Europako berotegietatik "
2006/10/01 Lasa Oiarbide, Aitzol - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Asko aldatu dira, batez ere berotegietan erabiltzen den teknologiaren aldetik. Duela 20 urte gehien ikusten ziren berotegiak tunelak ziren, oso tunel sinpleak. Tunel horien helburua zen uda hilabete bat edo bi luzatzea, eta, horrekin batera, uzta ere luzatzea. Gaur egun, negurako nahiz udarako erabiltzen dira negutegiak; bai neguan bai udan landareentzat kondizio egokiak lortzeko instalazioak dira. Gaur egun erabili beharko genukeen terminoa giro kontrolatuko nekazaritza da. Ingelesez ere terminoa aldatu egin da. Lehen hothouse deitzen zieten, eta orain, aldiz, greenhouse .
Euskal Herrian batez ere Ipar Europatik ikasi dugu, eta han erabiltzen duten teknologia bera erabiltzen dugu guk ere. Beirazko berotegiak ditugu hemen, Frantzian, Herbehereetan eta Belgikan bezalaxe. Italian eta Espainian, aldiz, Mediterraneoko berotegiak erabiltzen dituzte. Horiek material ezberdinez daude eginak. Estatu mailan, gure inguruko berotegiek teknologia gehiago erabiltzen dute penintsularen hegoaldekoek baino, eta gure etekina haiena baino handiagoa da. Ez produkzioa, kilo-kopurua, baina bai metro karratuko etekina. Hori horrela da, batez ere, prezio altuagoak ditugulako hemen.
Berotegiak estaltzeko gehien erabiltzen den materiala polikarbonatoa da. Bigarren lekuan egongo litzateke polietilenoa edo plastiko-filma, eta hirugarren lekuan beira. Merkeena plastiko-filma da, eta garestiena beira. Eta ia gauza guztiekin gertatzen den modura, hemen ere garestiena da onena, eta merkeena eskasena. Beirak du iraupen luzeena, propietate termiko hobeak ditu eta argiari ondoen pasatzen uzten diona da. Orain arte, polikarbonatoa eta metakrilatoa erabili izan dira erdibideko propietateak dituztelako, baina, petrolioaren garestitzea dela eta, horien prezioa asko igo da, eta egun ez da hain nabarmena polikarbonatoaren eta beiraren prezioen arteko aldea. Egiturak altzairuzkoak eta aluminiozkoak izaten dira. Beiradun berotegietan aluminioa oso garrantzitsua da, beira aluminio artean jartzen delako.
Guk egiten duguna da baserritar bakoitzari aukeran eman zer nahi duen. Ingeniarion lana hori da. Aztertzen dugu zein den egiturarik egokiena halako produktua halako egoeratan produzitzeko. Etekina eta errentagarritasuna baloratzen ditugu eta gure iritzia eman. Horrez gain, kontuan hartzen dugu baita ere baserri bakoitzak zer inbertsio-ahalmen duen. Guretzat beirazko berotegia izan daiteke egokiena eta epe luzera errentagarriena, baina, inbertsiorako ahalmenik ez badago, plastiko-filmeko batekin konformatu beharko dugu, edo erdibidean dagoen beste zerbait aukeratu.
Zerbait, egon, badago, baina Euskal Herrian gutxi landu da gaia. Plastikoei dagokienez, hemen dagoen arazoa da oso berotegi gutxi dagoela, hots, plastiko gutxi dagoela. Ondorioz, plastiko hori tratatzeko enpresa bat jartzea ez da errentagarria. Almerian 5.000-6.000 hektarea plastiko dago. Hori asko da. Hemen, aldiz, 100 hektarea inguru ditugu. Han badituzte plastikoak birziklatzen dituzten enpresak. Egitura berrerabiltzea errazagoa da; azken batean metalak txatartegi batera bidaltzea da kontua. Normalean berotegi batek 15 eta 25 urte bitarte iraun dezake. Izan ere, ondo zainduz gero, berotegi baten iraupena asko handitu daiteke. Orain dela pare bat urte, Eusko Jaurlaritzarako ikerketa bat egin genuen. Ikerketa hartan, berotegietako plastikoak nora eraman behar diren eta nork tratatu behar dituen azaltzen zen. Nekazaritzan --ez bakarrik berotegietan-- sortzen diren plastiko-hondakin horiek kudeatzeko jokabide-arautegia egin genuen. Beraz, gaiaren gaineko ardura egon, badago.
Berotegi barruan gehienbat tenperatu eta hezetasuna neurtzen dira. Beste faktore batzuk ere kontrolatzen dira, besteak beste, argia eta CO 2 -kantitatea. Landare eta loreen kasuan, garrantzitsua da berotegira sartzen den argia ongi erregulatzea. Komeni da batzuetan berotegira sartzen den argitasuna gutxitzea; horrekin batera, tenperatura ere jaitsi egiten da. Bestalde, zenbait landareri, tomateei kasurako, CO 2 -a artifizialki sartzen zaie, hobeto hazteko.
Landareak, hazteko, hiru gauza behar dituelako; ura, eguzkia eta CO 2 -a. Noski, oxigenoa ere bai, baina oinarrian hiru gauza horiek behar ditu fotosintesia egiteko eta hazteko. Gure inguruan, milioiko 350 eta 400 parte CO 2 inguru dugu. Landarearentzat egokiak dira milioiko 1.000 eta 1.500 parte arteko CO 2 -kantitateak. Hiri batean edo industria dagoen leku batean milioiko 450 parte CO 2 izango dugu, baina, hala ere, hori gutxi da landarearentzat. Horregatik, artifizialki sartzen da CO 2 -a berotegietan. Hainbat modutara egin daiteke hori, baina Euskal Herrian sistema bi erabiltzen dira. Lehenengoa da berotegi barruan sartzea CO 2 garbia, botilatan. Bigarrena kogenerazioko sistema da. Zentral termiko txiki bat erabiltzen da elektrizitatea sortzeko eta ura berotzeko. Ura berotegia berotzeko erabiltzen da. Kea, berriz, filtratu egiten da eta CO 2 -a erabiltzen da berotegi barruan.
Berotegietan gehien erabiltzen den urreztatze-sistema tantakako ureztatzea da, esate baterako, urazak, tomateak eta piperrak ekoizteko. Lore-haztegietan, berriz, goitik beherako ureztatze-sistemak erabiltzen dira, urtaroko euriak simulatzeko. Sistema hidroponikoa sartu zenetik ere asko aldatu dira ureztatze-sistemak. Ekoizpen hidroponikoetan landareak ez dira lurrean ekoizten. Zaku batzuetan sartzen dira, eta zaku horiek perlita, harri-zuntza, pinu-azala edota zohikatza dituzte. Lurrik ez dutenez, abonua ureztatze-sistemarekin batera sartzen zaie landareei. Sistema horrek asko hobetzen du ekoizpena. Hori dela eta, lurreko ekoizpenetan ere abonuak urarekin batera sartzen dira orain. Sistemarik sinpleena bonba hidrauliko bat da, ur-andel bateko abonua jaso eta erdiautomatikoki landareari ematen diona. Sistema-konplexuenek sentsoreak dituzte uraren pH-a, eroankortasuna eta abonu-kantitatea neurtzeko, eta ordenagailu-programa batek erabakitzen du zein den ongarri-nahaste aproposena.
Zalantzarik gabe. Konparaketa bat egiten badugu, sistema hidroponikoa ospitaleko sueroaren modukoa da. Sueroaren bidez, gaixoak momentuan lortzen ditu behar dituen osagaiak. Sistema hidroponikoan landareak behar dituen osagai kimikoak sustraiaren ondo-ondoan jartzen dira, hezetasun-kondizio egokietan.
Ordenagailuarekin kontrolatzen den lehenengo faktorea tenperatura da. Berotegian bertan sentsore bat ipintzen da. Sentsore horrek seinalea bidaltzen dio ordenagailuari, eta, aldagai guztiak kontuan hartuta, programak erabakitzen du berotegiko leihoak ireki edo itxi egin behar diren. Eta hori ere automatikoki egiten du. Berotegi barruan, eguneko tenperatura gauekoa baino altuagoa da; baina, betiere, eguneko eta gaueko tenperaturen zikloa ongi kontrolatzea da garrantzitsuena. Adibidez, landarea txikia denean, sentikortasun handia duenez, tenperatura epelagoak beharko ditu. Umeekin gertatzen den lez.
Bai. Gaur egun posible da Txinan ditugun berotegiak gure bulegotik kontrolatzea. Haiek beren koordinatzailea dute Txinan, eta gu gure bulegotik konektatzen gara haien ordenagailura. Hango instalazioak gainbegiratzen ditugu, eta, arazoren bat aurkituz gero, alarma pizten dugu.