}

Ajearik gabeko bestak

2001/01/21 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Denok dakigu nolakoa izaten bestaren ondorengo eguna. Eta hala egongo zarete, Donostia eta Azpeitia aldean San Sebastian ospatzen ibili zaretenok, atzoko festaren ondorioa den buruko mina gainetik ezin kendurik. Aurtengo berantegi bada ere, datorren urterako ikerlariak ari dira bestondoaren aurkako botikaren bila.

Seguru bat baino gehiago poztuko dela ajearen aurkako botika aterako dutela entzutean. "Alkoholaren ajea" deituriko ikerketa ez da ez alferrikako lana izango. Dena dela, ikerketa horren oinarria ez da norberak sufritzen dituen buruko eta tripako minak, bestondoagatik hartzen diren bajen ondoriozko diru-galera baizik. Estatu Batuetan egin dituzte egin beharreko kalkulu guztiak eta dirudienez, urtero ajeak direla eta, enpresek 148.000 dolar galtzen dituzte. Jeffrey G. Wiese sendagileak, Michael G. Shlipak eta Warren S. Browner sendagileen laguntzarekin, egin du ikerketa eta, benetan, ondorio zehatz eta itxaropentsuak lortu ditu. Orain, gutxienez, badakigu zergatik sorrarazten dituen alkoholak hain ondorio txarrak. Hemendik aurrera, botika aurkitzea besterik ez da falta.

Orain arte, ajearen eragilea deshidratazioa zela uste izan da. Berrikitan egin diren bi ikerketak deshidratazioari ez diote garrantzirik kendu nahi izan, baina beste eragile batzuk ere aurkitu dituzte. Shilpak sendagilearen iritziz, gorputzaren hanturaren eta ondoezaren eragileak zitokinak dira. Molekula horiek odoleko globulu gorriek askatzen dituzte, baina ajearekin eta gripeak jota gaudenean bakarrik.

Kontua da, alkoholari zaporea eta kolorea ematen dizkion substantziak, zitokinak askatzea estimulatzen duela. Horrela ulertzen da kolore eta zapore handia duten, edari alkoholikoek, esaterako patxaranak, aje handiagoa uztea.

Alkoholak burmuineko zelulen zeregina eragozten du.

Ajearen bi eragileak beraz, deshidratazioa eta zitokinek sortzen duten hantura dira. Ajearen aurkako botika asmatu nahian ari diren sendagileek ez dute oraindik formula magikoa aurkitu, baina buru-belarri ari dira lanean Txinako belar batzuekin. Beraien ustez, infusio hori izango da besta asko egin eta biharamun latzak izaten dituztenek etxean eduki beharreko botiketako bat.

Bihotza eta burmuinaren erantzuna

Oraindik botika bila lanean jarraitu beharko dute sendagileek, baina, ajearen nondik norako eta eraginak zehatz mehatz ikertu dituzte. Dirudienez, bestondoa dugunean bihotzak indar handiagoz lan egiten du. Odol-presioa areagotzen da eta bihotz-taupadak indartsuagoak izaten dira. Erreakzio horiek, segur aski, adrenalina bezalako hormona-jario handiari erantzutearren gertatzen dira. Noski, gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonentzat, egoera txar eta deserosoa izateaz gain, arriskutsua ere izan daiteke.

Baina bihotza ez da sufritzen duen bakarra. Burmuinarentzat ere bestondoa ez da batere mementu goxo eta lasaia izaten. Alkoholak zelulen jarduera zerebrala deuseztatzen du. Wiese sendagilearen arabera, hurrengo egunean, alkohola eliminatzen doan heinean, burmuina ezabatze horretatik suspertzen da eta asaldurak sufritzen ditu. Horregatik, galtzen da kontzentrazioa. Batzuek, arreta galtzen dute eta erreakzio-denbora luzea behar izaten dute.

Ezer gutxirako balio duten aholkuak.

Lehen esan dugu ajearen oinarrietako bat deshidratazioa dela. Normala da eta ona da, beraz, ura edatea, baina ez pentsa horregatik bakarrik ajea gaindituko dugunik. Zoritxarrez, kalterik egiten ez badu ere, ikerketa batzuek frogatu dutenez, ur asko edateak komunera maiz joateko bakarrik balio du. Ur asko edanez, gorputzak hobekuntza partzial bat besterik ez du lortzen. Kafea edateak ere, epe laburrera lagun dezake pixka bat hobeto sentitzen baina, kafearen efektu diuretikoak deshidratazioa luzatu egiten du.

Parrandara joan baino lehen pasta jateak bestondoa moteltzen lagun dezake.

Bestalde, ondoez hori gainditzeko C bitamina ona dela entzun izan da, baina alferrikakoa da laranja-zukua eta antzekoak asko hartzea. Gorputzak sobera duen bitamina gernuaren bidez botatzen duen bitamina bakarra baita C bitamina.

Argi dago besta egin ondoren erremedio bila hastea berantegiko eta alperrikako lana dela, baina festa egiten hasi baino lehen bestondoa baretuko duen erremedioa badago. Festa egiten hasi baino lehen ogia, pastak eta gantz asko duten elikagaiak, adibidez gasna, jatea komeni da, elikagai horiek alkohol-xurgatzea geldotu baitezakete. Dena dela, ez pentsa alkoholaren aldeko kanpaina egiten ari naizenik, eta jakin zazue neurriz kanpo asko edanez gero, horrek ere ez duela ezertarako balio.

Sentitzen dut, baina bestondoa duzuenoi aspirina bat hartu, lo egin eta hurrengo eguna iritsi arte pazientzia edukitzea beste aholkurik ezin dizuet eman oraingoz.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia