Akufenoarentzat tratamendu posiblea
2002/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Akufenoa milioka pertsonari eragiten dion belarri barneko soinu zorrotz eta etengabea da. Orain, gaixotasun patologiko horren aurka tratamendua lortzeko bidean direla esan daiteke. Tratamendua ordenagailu bidez sortutako antzeko soinuak desberdintzean oinarritu dute ikertzaileek eta, nahiz eta sinplea dirudien, emaitza onak lortu dituzte.
Akufenoa pairatzen duten gaixoek etengabe txirrinaren moduko soinuak edo burrundarak entzuten dituzte. Soinu horiek pertsona gehienei eragiten diete noizbait, baina soilik populazioaren % 5en bilakatzen dira kroniko eta ahultasun-iturri.
Gaixo horien garunean gertatzen zena misterioa zen Heidelberg Unibertsitateko Osasun Mentaleko Institutu Zentraleko ikertzaileek garuneko entzumen-area berrantolatu egiten dela ikusi duten arte. Pertsona osasuntsuetan, soinu ezberdin bakoitzari erantzuten dion garun-azaleko area tamaina berdintsukoa izaten da. Aldiz, akufenoa dutenengan barne-soinuari dagokion azalera izugarri handia da.
Ikertzaileek uste dute akufenoa gorputz-adarren anputazioen ondoren sortzen den fenomenoaren antzeko gaixotasuna dela. Hori oinarritzat hartuz, bederatzi gaixo kroniko tratatu zituzten entzuten zuten barneko soinuaren oso antzekoak ziren bi soinurekin. Gaixoen egitekoa soinu horiek bereiztea zen, eta lau asteren buruan % 35eko hobekuntza lortu zuten. Ez dakite ziur lau asteko tratamendu hori betiko aldaketa bat eragiteko nahikoa den, baina tratamendu luzeagoek hobekuntza handiagoak ekarriko dituztela espero dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia