}

Albaitaritzako antibiotikoak, errugabe

2003/07/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gehienek susmatzen zutenaren aurka, albaitaritzan erabiltzen diren antibiotikoek ia ez dute eraginik ingurumenean. Ondorio horretara iritsi dira Europako Batasunak babestutako ikerketa batean .

Ikerketan Britainia Handiko, Herbehereetako, Espainiako eta Danimarkako zientzialariek hartu dute parte eta ekainean aurkeztu zuten txostena. Haien esanean, uretan eta lurrean neurtutako antibiotiko-mailak askoz ere altuagoa izan beharko luke ingurumenean eraginen bat izateko.

Antibiotikoak asko erabiltzen dira albaitaritzan. Europako Batasunean 3.000 tona baino gehiago erabiltzen dira urtean, eta AEBetan
8.500-11.200 tona erabiltzen dituztela kalkulatzen dute. Antibiotikoen konposatuetako batzuk animaliek berek metabolizatzen eta degradatzen dituzte, baina beste asko aldaketarik gabe iraizten dira ingurumenera, edo ongarri moduan zabaltzen dira soroetan. Azkenean, lurpeko uretara iristen dira antibiotikoen arrastoak.

Antibiotiko horiek arriskutsuak izan zitekeelakoan, ERAVMIS ( Environmental Risk Assessment of Veterinary Medicines in Slurry ) izeneko proiektua sortu zuten duela hiru urte. Antibiotikoek zenbat denbora irauten duten, non bukatzen duten eta bizidunei kalterik eragiten dieten ikustea izan da proiektuaren helburua.

Ikertzaileek gehien erabiltzen diren antibiotikoak zituen minda bat egin eta lursail batzuetan zabaldu dute. Gero, denbora pasatu ahala, lurrean, lurpeko uretan eta lurpeko ur-lasterretan agertu diren kontzentrazioak neurtu dituzte. Horrela ikusi dute antibiotiko gehienak bi astetan erabat desagertzen direla eta batzuk lurrean zortzi hilabetez ere irauten badute ere, kontzentrazio baxuetan daudela eta ez direla lurpeko uretara pasatzen.

Bestalde, ikertzaileek antibiotikoen ekotoxikotasuna neurtu dute hainbat uretako landare, labore, animalia eta mikroorganismo arruntetan; hau da, zein kontzentraziotan egiten dieten kalte antibiotikoek bizidun horiei. Eta ingurunean azaltzen diren kontzentrazioak kaltegarriak izateko beharko liratekeenak baino dezente txikiagoak direla konturatu dira. Halaber, ez dute antibiotikoek eragindako inolako kalterik antzeman ez laboreetan, ez arrainetan ezta eltxoetan ere, besteak beste.

Ikertzaileek gustura hartu dituzte emaitza horiek, ingurumenean antibiotiko-arrastoak zeudela ikusten hasi zirenean kezkatu egin baitziren. Hala ere, antibiotikoek lurreko mikroorganismoetan eragina badutela uste dute ikertzaile batzuek. Nonbait, bakterio batzuk erresistente bihurtu direla susmatzen dute, eta orain hori aztertzeko asmoa dute. Horretaz gain, antibiotikoen eta beste gai kimiko batzuen artean elkarrekintzarik ba ote dagoen ere ikertu nahi dute, adibidez, antibiotikoen eta pestiziden artean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia