Alde batetik eta bestetik
2010/01/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Garun-hemisferio bakoitzak berezko funtzionamendua izatearen abantailak eta desabantailak
Oilo-txita bat jaten ari da. Lurrean, zereal-ale batzuk ditu, harri txikiz betetako inguru batean barreiatuta. Txitaren garunak ahalegin txiki bat egin behar du aleak harrietatik bereizteko, baina ez zaio oso zaila egiten. Hala ere, ez dago lasai; harrapari bat gertu sumatu du, eta beldur da. Aleak bilatzen dituen bitartean ere, ziztu bizian ihes egiteko prest dago.
Berez, ez luke harrapariaren beldur izan beharko, Australiako New Englandeko Unibertsitateko laborategi batean baitago, Animalien Jokabidearen eta Neurozientzien ikerketa-zentroan. Baina txitak ez daki zer den ikerketa-zentro bat, eta ez daki arriskurik ez dagoenik. Beraz, aleak jatearekin batera, ustezko harraparien aurrean adi egon behar du. Bi gauza egin behar ditu, aldi berean.
Horrelako esperimentuei esker, zentro horretako Lesley Rogers neuropsikologoak aurkikuntza harrigarri bat egin zuen: txitak askoz hobeto zelatatzen du ezkerraldean duen harrapari bat eskuinaldean duen harrapari bat baino. Ezker-begia zelatari ona da, eta eskuin-begiak erraz bereizten ditu lurrean dauden aleak; baina, alderantzizko jarreran, arazo gehiago ditu txitak.
Alegia, Rogersek aurkitu zuen txitak ezberdin erabiltzen dituela garuneko bi hemisferioak. Txitek lateralitatea dute garunean. Eta ez txitek bakarrik. "Espezie askotan gertatzen da. Eskuin-hemisferioa erabiltzen dute berritasunari erantzuteko, eta ezkerrekoa, berriz, estimuluak sailkatzeko eta aukeren artean hautatzeko".
Adituen ustez, lateralitate hori ezinbestekoa da bi gauzak aldi berean egin ahal izateko. Txitak garun simetrikoa izango balu, hau da, ezker-hemisferioarekin egiten duena eskuin-hemisferioarekin ere berdin-berdin egingo balu, ez luke ahalmen bera bi gauza aldi berean egiteko. Asimetria simetria baino konplexuagoa da, eta abantailak ekartzen dizkio txitari.
Dena dela, garunaren lateralitatea ez da animalia guztietan azaltzen; espezie batzuetan, ale batzuek lateralizatuta dute garuna, eta beste batzuek ez. Horregatik, neuropsikologoek uste dute garun asimetrikoa izateak, abantailak ez ezik, desabantailak ere ekartzen dituela.
Arrain txiki batzuk
Italian, Paduako Unibertsitateko Marco Dadda eta Angelo Bisazza saiatu dira lateralitatearen desabantailak identifikatzen Girardinus falcatus arrain tropikaletan. Arrain txikiak dira, zentimetro gutxi batzuk luze besterik ez, eta, beste arrain askok bezala, begi bat dute gorputzaren alde bakoitzean.
Ezaugarri hori garrantzitsua da, begi batekin ikusten dutena ez baitute ikusten beste begiarekin. Eta horrek esan nahi du begi batek jasotzen duen irudia garunaren hemisferio bakar batek prozesatzen duela. Garunak ez ditu nahasten irudiak.
Paduako ikertzaileek aurkitu dute lateralitatea desabantaila bat dela bi begietako informazioa aldi berean erabili behar dutenean. Esate baterako, litekeena da harrapariaren irudia harrapariengandik ihes egiteko ahalmen txikiena duen hemisferiora iristea. Garun simetrikoa duten arrainei, aldiz, berdin zaie nondik datorkien harraparia; berdin-berdin erantzungo die garunak, eta lateralizatuta dutenei alde txarrenetik etortzen zaienean baino hobeto.
Kasu horretan, garun-konplexutasunak desabantaila dakar. Hain zuzen ere, "lateralizatu gabeko ale asko izaten dira [arrain horren] populazioetan" idatzi zuten Paduako ikertzaileek Proceedings. Biological Sciences aldizkari espezializatuan.
Begi bat alde batean eta bestea bestean izanda, arrainen kasua oso argia da. Txitekin antzera gertatzen da. Baina lateralitatearen desabantailak begiak aurrealdean dituzten animalietan ere topatu dituzte ikertzaileek. Apoek, adibidez, errazago egiten diote ihes ezkerretik datorkien harrapariari eskuinetik datorkienari baino. Hala ere, apoaren kasuan (eta beste hainbatetan) lateralitatearen abantailek orekatu egiten dituzte desabantailak.
Garun sinpleak
Abantaila eta desabantaila jakinak bilatu gabe ere, bada beste modu bat gai honi heltzeko: lateralitatea bilatzea. Azken urteetan, lan horretan ari dira neurobiologoak. Eboluzioan garun lateralizatuari esker arrakasta izan duten espezieak bilatzen dituzte. Garun asimetrikoa zenbat eta espezie txikiagoetan eta sinpleagoetan aurkitu, orduan eta arrakasta handiagoa izan du lateralitateak.
Baina espezie horien jokabide asimetrikoa bilatzea ez da hain erraza. Txitekin, arrainekin eta apoekin errazagoa da, garun konplexua dutelako, eta jokabide konplexuagoa ere bai. Baina ikertzaileek aztertu behar dute, esate baterako, armiarmek eta intsektuek jarduera bat errazago egiten ote duten ezkerraldean edo eskuinaldean.
Pinar Letzkus ikertzailearen taldeak, Australiako Unibertsitate Nazionalean, aurkitu zuen modu bat frogatzeko erleek badutela lateralitatea. Antena bat latexetan bustiz gero, erleak ezin du erabili, eta bestearekin moldatu behar du. Horri esker, ikertzaileek aurkitu zuten erleak ikasteko gaitasun handia duela eskuin-antena erabilita, baina gaitasun eskasa ezkerrarekin.
Eta Lesley Rogersen taldeak, Trentoko Unibertsitateko Giorgio Vallortigara-ren taldekoekin lankidetzan, aurrerago eraman zuen ikerketa. "Frogatu dugu usainak gogoratzeko bi antenak erabiltzen dituztela erleek; usaina ezagutzen ikasi eta segituan, eskuinekoarekin gogoratzen dute, baina, sei ordu geroago, ezker-antena erabiltzen dute usaina gogoratzeko" dio Rogersek.
Alberto Pascual ikertzaileak zuzentzen duen taldeak, Sevillako IBIS institutuan, antzeko emaitza bat lortu zuen Drosophila melanogaster euliarekin. Euli gehienek garun asimetrikoa dute; ez dituzte bi hemisferioak berdin-berdinak. Baina euli gutxi batzuetan ez dago alderik. "Garun simetrikoa duten ale gutxi horiek ez dira gai epe luzeko memoria finkatzeko" dio Pascualek. Haiek uste dute garunaren asimetria beharrezkoa dela epe luzerako memoria bat finkatu ahal izateko. Eta memoria hori izateak abantaila nabarmena ekartzen du aldaketen aurrean. "Epe luzerako memoriarik gabe, arrisku handiagoa du [euliak]!".
Garun konplexuena
Eulietan eta erleetan aurkitu dute garuneko asimetria. Baina ez dago argi non dagoen lateralitatearen muga, hau da, konplexutasunaren eskalan zein espezietatik aurrera hasten den garun asimetrikoa. Oso argi dago, ordea, naturan dagoen garun konplexuena gizakiarena dela. Eta lateralizatuta dagoela.
Gizakiaren lateralitateari buruzko ideia zabalduena da ezker-hemisferioak kontzeptu analitikoak tratatzeko gaitasuna duela, eta eskuinekoa, berriz, sentimenduen hemisferioa dela. Baina psikoneurologiak aspaldian aurkitu zuen hori ez dela horrela, baizik eta animalien lateralitatea bezalakoa dela gizakiarena. Antzekoa, baina konplexuagoa, noski.
Ezker-hemisferioak urratsen sekuentzia batez egin beharreko lanak egiten ditu. Hitz egiteko prozesua da horrelakoa, adibidez. Garunak hitzak bilatu behar ditu, gramatika baten arauak aplikatu behar dizkie hitz horiei, esaldia osatu eta esaldia esan. Hori dena ordena horretan egiten du; sekuentzia bat da.
Eskuin-hemisferioak, berriz, osotasunean aztertu beharreko lanak egiten ditu. Adibidea aurpegien ezagutza da. Ezin da lagun baten aurpegia ezagutu modu sekuentzial batean (aurrena begiak, gero bekainak, gero sudurra eta abar), baizik eta aurpegi osoaren azterketa batera eginda.
Oilo-txiten kasu berbera da. Txitak harraparia zelatatzen du modu sekuentzial batean, une oro harraparia non dagoen aztertuta (eskuin-hemisferioarekin). Baina zereal-aleak harrietatik bereizteko irudi baten osotasuna aztertu behar du (ezker-hemisferioarekin).
Txitari bezalaxe, gizakiari ere abantaila nabarmenak ematen dizkio lateralitateak. Gainera, giza garunaren kanpoaldeko geruzetan lateralitatea handiagoa da barrukoetan baino. Argi dago konplexutasun-maila horietan abantailak desabantailak baino askoz handiagoak direla. Baina, bestalde, gizakia animalia da, eta ez da harritzekoa garuneko ezaugarrietan animalia-ezaugarriak aurkitzea. Lateralitatea da ezaugarri horietako bat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia