Aleazio baten superelastikotasuna frogatu dute dimentsio nanometrikoetan
2017/06/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Material superelastikoak gai dira % 10 deformatu eta atzera jatorrizko itxura hartzeko. Ezaugarri hori ezaguna da eskala makroskopikoan; orain, kobre-aluminio-nikel aleazio bateko gailu oso txikiak ere ezaugarri hori izan dezaketela frogatu dute EHUko Materia Kondentsatuaren Fisika Saileko eta Fisika Aplikatua II Saileko ikertzaileek.
Ikerketa-taldeak 20 urte daramatza aleazio hori maila makroskopikoan ikertzen. Eskala mikro eta nanoskopikoan ikertzeko, materiala zizelkatzen duen ioi-kanoi bat erabili dute. Haren bidez, aleazioaren mikro eta nanozutabeak eraiki dituzte, 2 µm eta 260 nm bitartekoak, eta nanoindentadore baten bitartez tentsioa ezarri diete.
Ikertzaileen arabera, eskala horretan materialaren portaera aldatu egiten da, eta gero eta tentsio handiagoa behar du superelastikotasuna azal dadin. Portaera hori azaltzen duen eredu atomikoa ere proposatu dute. Nature Nanotechnology aldizkarian eman dute ikerketaren berri.
Horrez gain, ikerketa horrek aplikazio interesgarriak ekar ditzakeela aurreratu dute ikertzaileek. Hain zuzen, gero eta gehiago erabiltzen da elektronika malgua jantzietan, pantailetan eta abar, eta haientzat osagaiak sortzeko baliagarria izan daiteke, baita osasun-arloan ere, organismo barruan txertatuko liratekeen txipak egiteko, adibidez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia