}

Alejandrito, azken mohikanoa?

2003/09/24 Elhuyar Zientzia

Ustez desagertua zen intsektiboro bat aurkitu du zientzialari-talde batek Kuba ekialdeko Holguin lurraldean. Intsektiboroa Solenodon cubanus espeziekoa da, almiqui du deitura arrunta. Argazkiko honi Alejandrito jarri diote izena. Animalia hori 1861ean deskribatu zuen, lehen aldiz, Wilham Peters naturzale alemaniarrak. Harrezkero, horrelako 37 almiqui baino ez dituzte ikusi, azkena duela lau urte eta azken aurrekoa duela 31. Fosilak, ordea, aurkitu izan dituzte gehiagotan.

Alejandritoren espeziea endemikoa da Kuban. Mende askotan landaretza ugariz estalita egon diren Kubako mendietan bizi izan da, baina basoen degradazioarekin batera kanpoko espezieak iritsi ziren eta Alejandritoren familiakoentzat sasoi txarrak heldu ziren.

Almiquiak intsektujale txikiak dira —Alejandritok berak 688 gramo zituen harrapatu zutenean—, gauez mugitzen dira gehienbat eta oso ikusmen eskasa dute, baina entzumen ikaragarri ona. Eguna lurpean egindako zuloetan igarotzen dutela uste da. Pisatu eta DNAren, ehunen eta ileen laginak hartzeko preso eduki ondoren, zientzialariek askatu egin zuten berriro Alejandrito.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia