}

Alemaniako errauskailuak, bisitaren kronika

2003/12/02 Pikabea Amundarain, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gipuzkoako Urnieta herrian egin nahi duten errausketa-instalazioa hizpide da hainbat komunikabidetan azken hilabeteotan. Gipuzkoa osoko hirietan sortutako zaborrak han erreko diren oihartzunak iritsi dira, eta horrek polemika handia, haserrea, sortu du ordezkari politiko zein gizarte eragile batzuen artean. Gipuzkoan hiru errausketa-instalazio egitea erabakita dago, horietako bat Gaintxurizketan Txingudik onartutakoa. Gipuzkoako Foru Aldundia, ordea, Gipuzkoa osorako instalazio bakarra egitearen alde azaldu da. Horren ondorioz, Txingudik erabaki egin beharko du orain hondakin guztiak San Markoskoan erreko dituzten ala ez.

Urriaren 15ean, San Markos Mankomunitateko batzordean ordezkatuta dauden udal-talde politiko guztiek Urnietako Udalaren lursail bat aukeratu zuten errausketa-instalazioa egiteko, Erratzuko industrialdean, baina hil honen 26an Urnietako udalbatzak erabaki zuen mankomunitateak ebazpena bertan behera utz dezala eskatzea. Ondorioz, Mankomunitateak beste ikerketa bat egingo du; Gipuzkoa osoa aztertuko du instalazio hori non jarri erabakitzeko. Errausketa da alternatiba bideragarri bakarra, Aldundiaren ustez. Hala jasota dago Gipuzkoako Hondakinen Planean bertan.

San Markosko Zabortegia 2006an beteko da, eta, horregatik, presaka ari dira hortik aurrera zaborrarekin zer egin erabakitzen. Gainera, 2000n onartutako Europako arteztarauak debekatu egiten du aldez aurretik tratatu gabeko zaborrak zabortegietara botatzea.

Gizarteko sektore batzuetan mesfidantzaz ikusten da errausketa-instalazio bat egiteko asmoa. Horren aurrean, San Markosko Mankomunitatea sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpaina bat egiten hasi da. Ildo horretan, hiru bidaia antolatu ditu Alemaniara, hango bi errausketa-instalazio bisitatzeko asmoz: bata Urnietako udal ordezkarientzat, bestea bertako gizarte-eragileentzat (tartean Arnasa kolektiboko kideak, errausketa-instalazioa eraikitzearen aurka orain dela gutxi sortutako taldea) eta hirugarrena komunikabideentzat. Gipuzkoako 22 komunikabidek onartu genuen gonbidapena, eta hogeita hamar bat kazetarik geure begiz ikusi ahal izan genuen errausketa-prozesua. Kazetariekin batera, San Markosko Mankomunitateko teknikariak eta Gipuzkoako Hirietako Hondakinen Kudeaketa Plana idatzi dutenak izan ziren.

Alemaniako errausketa-instalazioak

Energia balorizatzeko bi instalazio ikusteko aukera izan genuen kazetariok Alemanian azaroaren 20an eta 21ean, Bonnen bata eta Leverkusenen bestea, Alemaniaren erdi-mendebaldean biak. Bi errausketa-instalazioak herrigunean bertan kokatuta daude.

Usainik ez zegoen kanpoaldean, baina bero eta kirats izugarria somatu genuen barnealdean. Leverkuseneko herritar batzuekin hitz egiteko aukera izan genuen, eta ez dute errauskailuaren aurkako jarrerarik.

Urnietako Erratzu industrialdean egin nahi duten instalazioa haien antzekoa izango litzateke. Bi instalazio horietan, hiriko hondakinak erretzeaz gain, energia elektrikoa eta energia termikoa sortzen dituzte. Energia hori inguruko ospitale, eskola, ostalaritzara eta etxeetara eramaten da.

Energia balorizatzeko Bonngo instalazioa

1991z geroztik dago funtzionamenduan Bonngo instalazioa. 216.000 tona hondakin erretzen dituzte urtean, eta Bonngo 300.000 biztanleei zein inguruko eskualdeetako bizilagunei zerbitzua ematen die. Urtean 171 milioi kilowatt inguru sortzen ditu berogailurako eta 71 miloi kilowatt inguru korronte elektrikorako.

Hiru errausketa-lerro ditu, independenteak hirurak. Orduko 10-12 tona erre ditzake bakoitzak.

Lebverkuseneko instalazioa, aldiz, zaharragoa da. 1970etik dago martxan. 210.000 tona hondakin erretzen dira han urtean, eta 800.000 biztanleri ematen dio zerbitzua.

Hiru errausketa-lerro ditu, independienteak hirurak. Orduko 9 tona erre ditzake bakoitzak.

Berrogeita hamasei errauskailu daude Alemanian eta bost berri eraikitzen ari dira. Estatu espainiarrean, aldiz, bederatzi daude eta bi berri eraikitzen ari dira.

Errausketa-prozesua

Gaika bildu ez diren edota beste era batera aprobetxatzerik izan ez diren hondakinak iristen dira errausketa-instalaziora.

Errausketa-instalazio batek oinarrizko hiru gune ditu: errausketa-labea, berotze-galdara eta errausketa-gasak arazteko instalazioa. Horrez gain, kontrol-gela bat du. Gela horretan errausketa-prozesuaren hiru lerroak eta tximiniatik atmosferara isurtzen ari diren gasen neurriak kontrolatzen dira.

Kamioietan ekartzen dute zaborra instalaziora eta zaborra metatzeko zulo handi batean botatzen dute. Zabor hori garabi baten bidez astintzen dute tarteka, errausketa-labean sartzerakoan, zabor hori ahalik eta homogeneotasun handienarekin erre ahal izateko.

Garabiaren bidez zaborra labearen kalapatxaraino eramaten dute; han labearen parrilaraino bultzatzen dute. Hondakinak erretzeko erabilitako gasen tenperaturak gutxienez 850 gradu zentigradokoa izan behar du, hondakinen errausketari buruz 2000n onartutako Europako arteztarau batek agintzen duenez. Horrela, zaborraren % 100 erretzea bermatzen da.

Ordu eta erdi behar da zaborra erretzeko. Zaborra erretzeko labeek duten gaitasuna ezberdina da. Orduko bost tona nahiz hogeita hamar erretzen dituztenak aurki ditzakegu merkatuan.

Errausketa-instalazio batean erretzen den zaborraren % 68 gas bihurtzen da, eta atmosferara isurtzen da. Horretarako, 100 metro altuko tximinia batzuk erabiltzen dira. Aurretik arazketa-prozesu bat egiten zaie gas horiei gai toxiko gehienak kentzeko, horien artean dioxinak eta furanoak. Iragazketa-prozesuak hainbat fase ditu. Dioxinak eta furanoak bereziki arriskutsuak dira, ingurumenarentzat eta bizidunentzat oso toxikoak direlako. Xabier Garmendia Gipuzkoako Hirietako Hondakinen Kudeaketa Planaren egilearen arabera, tximiniatik gas garbia irteten da.

Zaborra erretzerakoan, labeko hodi batzuetan dagoen ura berotuta, elektrizitatea eta beroa sortzen dira. Errausketan askatutako gas horiek berotu egiten dituzte ur-galdararen hormak, eta, horrekin batera, baita uraren hodiak ere. Ur hori lurrun bihurtzen dute. Lurrun hori errausketa-instalazioren ondoan dagoen beste instalazio batera bidaltzen da. Han, elektrizitate eta berogailurako bero bihurtzen da.

Errauskailura iristen den zaborraren % 25, erre ondoren, birziklatzeko instalazio batean tratatzen da, eta, ondoren, errepideak eta aparkalekuak egiteko material gisa erabiltzen da. Beste % 2 edo % 3 inguru burdina eta aluminioa da, eta industrian erabiltzen da.

Zaborraren % 4 edo % 5 errautsa da, eta ezin da desagerrarazi, ezin da gehiago murriztu eta ezin da berrerabili. Hondakin arriskutsua da, eta segurtasuneko zabortegi batera eramaten da. Alemanian, esate baterako, antzina gatza ateratzeko erabilitako meatzeetan gordetzen dute hondakin hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia