Alga ginkgoaren zeluletan
2006/08/10 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ginkgoa oso zuhaitz zabaldua da mundu osoko lorategietan. Eta ezaguna da, baita ere, sendagaiak egiteko hainbat konposatu ematen dituelako. Sendabelar gisa aspalditik erabili izan da Txinan eta Japonian, eta gaur egun ikerketa asko egiten da sendagai horiek ezagutzeko.
Bada ikerketa horietako batean konturatu ziren ginkgoaren zelulek alga bat dutela. Tours-eko François-Rabelais Unibertsitateko ikertzaile batek ginkgoaren zelula-kulturekin egiten zuen lan, eta batzuetan berdetu egiten zirela ikusi zuen. Hortik atera zuten arrastoa: zelulak hildakoan barneko algak fotosintesia egiten zuen, horra kultura berdetzearen arrazoia.
Beste ikertzaile batek aurkikuntza horren haritik jarraitu du lanean, Erlangen-eko Unibertsitateko fikologo alemaniar batek, hain zuzen ere. Eta ikusi du zuhaitzaren zer ataletako zeluletan dagoen alga: hostoetan izan ezik, atal guztietako zeluletan. Ikerketarako, hainbat lekutako ginkgoak erabili ditu: Estatu Batuetakoak, Frantziakoak, Alemaniakoak eta Txinakoak. Guztiek omen dute alga; beraz, aspaldi jaiotako sinbiosia omen da ginkgo-zelularen eta algaren artekoa.
Argazkia: MEC.