ALICEk garaitu du txatean
2001/10/18 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Zortzi ordenagailurekin eta bi pertsonarekin txatean aritu ondoren, epaimahaiak ALICEri eman dio aurtengo Loebner sariaren brontzezko domina.
Loebner saria Hugh Loebner-ek sortu zuen 1990. urtean, elkarrizketa batean ordenagailua gizakitzat hartzea lortzen zuen programarentzako. Bi sari nagusi daude: urrezko domina eta 100.000 dolarrekoa lehena, eta zilarrezko domina eta 25.000 dolarrekoa bigarrena. Baina 11 urtean ez da behin ere eman. Oraindik ez da gizakitik bereizi ezin daitekeen programarik sortu.
Hala ere, urtero, 2.000 dolar eta brontzezko domina ematen zaizkio helburura gehien hurbiltzen den programari. Aurten, bigarren urtez jarraian, ALICEk irabazi du brontzeko domina.
Froga Londresko Zientzia museoan egin zen urriaren 13an. Elkarrizketek bost minutu irauten dute eta epaimahaikide bakoitzak 0tik 25era puntuatu behar ditu txateko parte hartzaileak. Aurten, zortzi ordenagailuk eta bi pertsonak parte hartu dute eta, esan bezala, ALICE programa izan da garailea.
ALICE Richar Wallace informatikariak diseinatu eta sortu zuen 1995. urtean. Bost urte eta 400 lagunen lanaren ondoren, 2000. urtean Loebner sarietara aurkeztu zen eta irabazi egin zuen. Aurten, aiseago irabazi dute. Richar Wallace A.L.I.C.E. Adimen Artifiziala Fundazioko sortzaileetako bat da.
Bitxikerien atalean, aipagarria da epaimahaikide batek ALICEri pertsona bati baino puntu gehiago eman zizkiola jakitea. Hala ere, Zientzia.net-ek ALICErekin hitz egin du eta etsigarri samarra izan dela aitortu behar dugu. Dena dela, jakin-mina izanez gero, aurrera !
Informazio gehiago:
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia