}

Alkohola versus neuronak

2001/11/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Jakina da alkoholak garuneko zelulak akabatzen dituela. Horregatik, parrandaren ostean, bere neuronen hileta dela-eta, isil-isilik eta burumakur egoten da bat baino gehiago, eta ingurukoei ere begirunea izatea eta isiltasuna gordetzea eskatzen die. Horretaz gain, Ipar Carolinako Unibertsitatean egindako ikerketa bati esker, kaltea zenbaterainokoa izan den jakin dezakete. Horrek doluaren iraupena zehazten lagunduko die.

Azaroaren 14an egindako Neurozientzia Elkartearen bileran eman zen ikerketa horren berri. Saguekin egindako azterketaren arabera, alkoholak, neuronak hiltzeaz gain, neuronen ugalketa moteltzen du eta, are gehiago, jaiotzen direnak bizialdi laburragoa dute.

Orain dela urte batzuk arte, helduen garunean ez zirela neurona berriak sortzen uste zen. Alabaina, ustea ustela zela frogatu zen, eta, adibidez, hipokanpoan neuronak ugaltzen direla ikusi zuten. Ikasketa-prozesua eta memoria kontrolatzen ditu garuneko eremu horrek, eta alkoholikoek funtzio horiekin arazoak izaten dituztela ikusirik, alkoholak hipokanpoan duen eragina aztertzea erabaki zuten ikertzaileek.

Horrela, kateter baten bidez saguen urdailean alkohola sartu zieten, eta lau egunean odolean % 0,35eko alkohol-kontzentrazioa mantendu zuten; hau da, alkoholiko kronikoek izaten duten kontzentrazioaren parekoa. Kontrol-taldekoei, aldiz, kaloria-kopuru bera jaso zezaten, azukredun ura eman zieten. Bestalde, neurona berriak antzemateko gai kimiko bat injektatu zieten egunero. Lau egun horien ondoren, sagu abstemioek 2.500 neurona berri zituzten; zurruteroek, berriz, kopuru horren % 57 besterik ez. Hilabete geroago, neurona berri horietatik zenbat hil ziren zenbatu zuten, eta aldea esanguratsua zen: kontrol-taldekoen neuronen erdiak hil egin ziren, eta alkohola jaso zutenek denak galdu zituzten. Gainera, badirudi alkoholak hilabetetan eragozten duela neuronak jaiotzea.

Dena dela, alkoholikoen memoria- eta ikasketa-arazoek saguen hipokanpoan gertatzen denarekin zerikusia ote duten aztertu beharko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia