Alkoholaren arrastoa gazteen DNAn
2014/01/07 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Asteburuetan edari alkoholdunak edateak uste zuten baino kalte sakonagoak eragiten ditu gazteen gorputzean. Ikerketaren berri Alcohol aldizkarian eman du EHUko Adela Rendón ikertzaileak, Mexikoko Nayarit-eko Unibertsitate Autonomoaren lankidetzarekin. Ikerketa aitzindaria da, orain arte urte luzez edanean jardundako jendearekin ikertu baita alkoholaren eragina; oraingoan, ordea, gazte osasuntsuak izan dituzte ikergai. 18 eta 25 urte bitarteko ikasle-talde batekin egin zuten ikerlana, bitan banatuz: edaten ez zutenak, kontrolerako, eta asteburuetan bakarrik edaten zutenak.
Odol-laginetatik abiatuta, lehenengo, odoleko zelulen mintza osatzen duten lipidoen egoera aztertu zuten. Emaitzak susmo txarra eman zien, eta kaltea DNAra ere iristen ote zen ikustea pentsatu zuten. Horretarako, kometa saiakuntza egin zuten. Odoleko zelula linfozitikoen nukleoa erauzi zuten, eta elektroforesiaren eraginpean jarri zuten. “Izan ere, kromatina ez badago ondo trinkotua, DNAn kaltea badago, elektroforesian halo bat uzten du; horri “kometa-adats” deritzo” azaltzen du Adela Rendónek. Eta, hain zuzen ere, alkohola edaten zutenen taldekoen kromatinak halo txiki bat uzten zuen, kontrol-taldekoena baino handiagoa. Zehazki, emaitzen arabera, zelulen % 8k zuen kaltea kontrol-taldean; eta edaten zutenen taldean % 44k. Hala, bada, edaten zutenen taldeak 5,3 aldiz zelula gehiago zituen kaltetuta.
DNAn ikusi duten kaltea ez da esanguratsua, “Zorionez”, ikertzailearen esanean, “baina ez lukete inolako kalterik izan behar, oso denbora gutxi daramatelako alkohola edaten, ez direlako edaten aritu modu kronikoan”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia