}

ALOSek bidalitako lehen irudia

2006/02/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Fuji mendiaren irudi hori da ALOSek (Advanced Land Observing Satellite edo Lurra behatzeko satelite aurreratua) bidalitako lehena. Satelitea japoniarra dela jakinda, ez da batere harritzekoa Fuji mendia aukeratu izana lehen irudirako. Izan ere, herrialdeko mendi garaiena baino gehiago da Fuji japoniarrentzat, sinboloa da.

Hasierako probak egitean hartu zuen irudia satelitearen PRISM sentsore optikoak. Tresna horrek hiru sistema optiko biltzen ditu. Horietako bakoitzak bere aldetik biltzen ditu lurzoruaren eta garaieraren datuak, eta ondoren konbinatu egiten dira. Emaitza bereizmen eta zehaztasun handikoa da. Adibidez, primeran ikusten dira Kofu haraneko errepideak eta ibaiak, eta baita beste xehetasun asko ere.

PRISM sentsore optikoa ez ezik, ALOSek baditu beste bi tresna Lurrari begiratzeko: PALSR radarraren bidez, edozein eguraldirekin har ditzake irudiak; AVNIR-2 infragorriko erradiometroa, berriz, bereziki egokia da landaretza behatzeko.