Altuagoak, luzeagoak, handiagoak... miresgarriagoak
2008/11/01 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Langeled gas-hodia: urpeko gas-hodi luzeena
Gas-hodiak erosio handia jasaten duten guneak zeharkatzen ditu. Arrazoi horregatik, zenbait tokitan, erosioaren kontra babestu behar izan da gas-hodia. Gainera, gas-hodi horrek izan zuen erronka nagusietako bat Easingtongo labarrak izan ziren: 20-25 metro inguru dituzte, eta erosio handia jasaten dute. Horregatik, hain zuzen ere, babestutako gunea dira, eta gas-hodiak ezin dira edozein modutara eraiki. Horri aurre egiteko, itsas hondoa dragatu, eta hodia kurbadun mikrotunel batetik bideratu zuten; kostaldetik 15 kilometrora du irteera.
MOSE proiektua: uholdeetatik babesteko proiekturik handi eta zabalena
Venezia hondoratzen ari da. Buztin-lurraren gainean eraikia dago, eta, horren ondorioz, pixkanaka hondoratzen ari dira Veneziako eraikinak. Gainera, itsasoak gora egiten duenean hiria urak hartzen du, eta ur gaziak arazo larriak eragiten ditu eraikinen zimenduetan.
Azken urtean, hilabetean bitan hartu du urak Venezia, eta mediterraneoko uren mailak gora egingo duela aurreikusi dute adituek. Horregatik, hiria itsasoaren gorakadetatik babestuko duen sistema bat eraikitzen ari dira: Veneziako urmaelari ateak jarriko dizkiote.
Hogei metro luze diren eta bost metroko diametroa duten ontzi metaliko batzuk egiten ari dira Veneziako urmaelak dituen irteeretan. Ontzi horiek urpean geratzen dira, itsas hondoari lotuta. Arrisku gabeko egoeran, ontzi horiek urez beteta egongo dira, hormigoizko oinarri batzuetan sartuta. Ohiz kanpoko marea bat etortzen bada, berriz, bonba baten bidez airea sartuko da ontzietan, eta ura kanporatu. Ontziak, pisua galtzean, gora egingo du, muturra uretatik aterako da, eta harresi moduan erabili ahal izango da.
Kasu honetan ere sortu dira proiektuaren aurkako iritziak. Izan ere, Mediterraneo itsasoaren igoera-abiaduraren aurreikuspenak kontuan hartuta, urtean lau hilabetez harresiek itxita egon beharko dutela uste dute, eta horrek urmaeleko urak gerarazi egingo dituela. Gainera, aurreikuspen horien arabera, 2100. urterako harresi horiek ez dira nahikoa izango Venezia babesteko.
Millauko biaduktua: munduko zubirik altuena
Tarn-eko harana (Frantzia) zeharkatzen du zubi erraldoi eta lirain horrek, A75 autobideari bide emanez. Millau herria du bere oinetan, eta horri zor dio izena. Hiru urte behar izan ziren hormigoiz eta altzairuz egindako zubia eraikitzeko, teknika aurreratuenak erabilita --GPSa, laserra, materialentzako geruza bereziak, bere kabuz gora egiten duen enkofratua...--. Gainera, duen altuerarengatik, zubiaren plataformaren zatiak batzeko teknika berezi bat erabili zuten. Behin zutabeak bukatuta, altuera berdineko hainbat garabi ipini zituzten. Zubiaren ertzetako batean zubia osorik muntatu zuten, lurrean. Ondoren, ertzetik, zutabe eta garabien gainetik arrastaka eraman zuten haranaren beste alderaino. Horrela osatu zuten zubia.
Hiru Zintzurren Presa: presa hidroelektriko handiena
Aurreikusitakoaren arabera, 2009an bukatuko dute presa izugarri hori. 32 turbina izango ditu, urtean 100 terawatt ordu sortuko dituztenak. Txinaren energia-eskaeraren % 10 aterako da presa horretatik.
Hala eta guztiz ere, oso proiektu eztabaidatua izan da. Izan ere, presa eraikita, 19 hiri eta 300 herri baino gehiago ur azpian geratuko dira --guztira 630 km 2 -ko lur-eremua-- , bi milioi biztanle desplazatuko dira, izugarrizko inpaktu ekologikoa eragingo du, eta Paleolitoko, Neolitoko eta Ming eta King dinastietako hainbat altxor galduko dira.
Gainera, adituen ustean, akatsak daude diseinuan, eta horrek funtzionamenduan arazoak sortuko dituela aurreikusi dute. Esaterako, ibaiak presara izugarrizko hondakin-piloa garraiatuko duela diote, eta horrek turbinen funtzionamendua galaraziko duela. Hortaz, presaren etekina eta bizitza murriztuko dira. Horrez gain, presan erabili dituzten teknikak zaharkituak daudela salatu dute adituek, eta neurri horretako presa batek lehertzean eragin dezakeen hondamendiaz ohartarazi dute.
Big Dig: AEBren historiako eraikuntza-proiektu handiena eta garestiena
Irudikatu Boston hiria. 230 km 2 -ko azalera --lau aldiz Donostia-- eta 600.000 biztanle. Orain, pentsatu hiriaren lur azpiko 14 milioi m 3 lur zulatu behar dituzula --Durangoren azalera metro bateko altueraz estaltzeko adina--, gainazalean ahalik eta oztopo gutxien eraginda. Eta hori, dagoeneko hiria azpitik zeharkatzen duten metro, trenbide eta bestelako azpiegiturei kalterik egin gabe. Gainera, gehitu proiektuari aireporturainoko beste tunel bat, Charles ibaia zeharkatzeko zubi bat eta autobide zaharrak utziko zuen hutsunean gune berdeak eraikitzea. Garbi dago zergatik den handia eta garestia, ezta?
Arazo berdintsua sortu zen beste puntu batean, tunel berria tren-geltokiaren azpitik pasatzen delako. Kasu horretan, katu berezi bat garatu zuten, geltokiaren pisu guztiari eutsi, eta lurpean lan egitea ahalbidetu zuena. Gainera, lurra izozteko teknikak erabili zituzten, lana errazago eta seguruago egin ahal izateko, izoztutakoan lurra egonkorragoa bihurtzen baita.
Gaur egun, 8-10 lerroko autobide-sarea dago Boston hiriaren azpian, trafiko-arazoak asko murriztu dira, eta guztira 14.000 milioi dolar inbertitu dituzte proiektu horretan.
Toshka proiektua: basamortuko 200 hektareako lur-eremua erein daitekeen lur bilakatuko dute
Nilo ibaiaren arroa munduko zibilizazio handienetariko baten sorlekua izan zen. Baina Egipton, ibaiaren arrotik haratago, desertu izugarria zabaltzen da. Edo zabaltzen zela esan behar da? Izan ere, mende-hasieran inauguratu zen Toshka izena daraman proiektua; asmo handiko proiektua, inondik ere: basamortua erein daitekeen lur bihurtu duen proiektua. Nasser eta Toshka lakuen artean ura garraiatzen duen 320 km-ko kanala eraiki dute. Garraioko iragazpen-arazoak saihesteko, zementu, harea, hormigoi eta polimerozko geruzak ditu kanalak. Gainera, ura ponpatzeko Mubarak estazioa eraiki da, egunean 25 milioi m 3 ur ponpatzen dituena.
Kanal horretatik beste hainbat kanal txikiago aterako dira; guztira, 200 hektarea bilakatuko dira ereiteko lur. Lehen esperimentuen arabera, lur-eremu berri horiek emankorrak dira, eta dagoeneko jaso dituzte kotoia, pepinoak, tomateak, sandiak, platanoak, mahatsa eta garia. Proiektu horrekin, 2020. urterako hiru milioi lanpostu berri sortuko dira, eta Egiptoko landa-lurra % 10 handituko da.
Bailong: kanpoan eraikitako igogailurik altuena eta astunena
Ingeniaritzaren mirari bat den arren, luzera ingurumenean izan dezakeen inpaktuak kezkatzen ditu asko, duen ikusizko inpaktuarengatik, baina baita turistek eragin dezaketen kaltearengatik ere. Hainbat erakundek, Natural Protection Faculty of Zhangjiajie Environmental Protection Bureauk, adibidez, igogailua itxi eta desmuntatzeko eskatu dute behin eta berriro, eta, denbora batez itxita egon bazen ere, gaur egun martxan jarraitzen du, tokiko gobernuen interesengatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia