}

Altuak nahiago

2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Emakumeek gizon altuak nahiago dituztela aditzera eman du Robin Dunbar psikologo eboluzionistak Ingalaterrako Wroclaw hirianeginiko ikerketak. Eboluzioak eta hautespen naturalak, animaliengan ez ezik, gizakion portaera sozial eta sexualean ere eragiten duela frogatu nahi du Robin Dunbar-ek eta, horretarako, 25 eta 60 urte bitarteko 4.400 gizonezko osasuntsuren altuera eta izandako ume-kopurua konparatu ditu, eta umerik ez zuten gizonezkoak umea zituztenak baino txikiagoak zirela ikusi zuen. Ikertzailearen ustetan, altueraren eragin nabaria ez da gure gizartearen edertasun-ezaugarrien ondorio soilik; emakumeak gizonezko altuak nahiago badituzte, garai batean altua izatea gene hobeak edukitzearekin eta bizirik irauteko aukera gehiago izatearekin lotuta zegoelako da.

Beste ikerketa batzuek altuegia izatea ere erakargarria ez dela adierazi dute eta, horregatik, gizonezko eta emakumezkoen arteko altuera-diferentzia ez dela belaunaldiz belaunaldi handitu. Itxuraz bitxikeria izan daitezkeen ikerketek oinarri mamitsua dute: izaki arrazoidunak izan arren hautespen naturalak guregan ere eragina duela frogatu nahiak eta ustez gizartekoak baino ez liratekeen edertasun-ezaugarrien atzean zerbait gehiago badagoela aditzera eman nahiak bultzatzen dituzte ikerketa horiek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia