}

Aluminioa birziklatzean sortutako hondakin arriskutsuak, ingurumen-aplikazioetarako lehengai

2020/12/14 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

aluminioa-birziklatzean-sortutako-hondakin-arrisku
NUPeko ikertzaileek aluminioa birziklatzean sortutako hondakin arriskutsu batzuk ingurumen-aplikazioetarako material bihurtu dituzte - Arg. Artxibokoa

Aluminioa birziklatzean sortzen den hondakin industrial bat, gatz-zepak, erabiliz, ingurumen-prozesuetan baliagarriak diren materialak garatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak izeneko ikerketa-taldeak (TAMA). Horri esker, kutsatzaile sortu berriak zein atmosferara igortzen diren berotegi-gasak murriztu daitezke.

Aluminioa galdatzeko prozesuan sortzen dira gatz-zepak; izan ere, gatza bota behar izaten zaio aluminioari ez oxidatzeko eta lehengaiaren ezpurutasunak kentzeko. Gatz-zepak, ordea, hondakin arriskutsu gisa daude sailkatuak: urarekin bustitzen direnean, gas arriskutsuak igor ditzakete atmosferara, hala nola amoniakoa edo hidrogenoa.

Arazo hori konpontzeko, ikertzaileek garatutako materialak adsorbatzaile eta fotokatalizatzaile gisa aplikatzen dira. Zehazki, adsorbatzaileek, geruza bikoitzeko hidroxidoek, modua ematen dute kutsatzaile organikoak eta ura bereizteko, molekulen eta haien gainazalaren interakzio kimiko eta fisikoen bidez. Eta fotokatalizatzaileek, berriz, zentro aktiboak eduki behar dituzte, titanio oxidoa esate baterako; hala, argi ultramorearen eta ikusgaiaren eraginez, kutsatzaile organikoak degradatzen dira.

Horrez gain, katalizatzaileak garatu dituzte, bai metanoaren erreformatze lehorrerako eta karbono dioxidoaren balorizaziorako eta biltegiratzeko. Ikertzaileek azpimarratu dutenez, garatutako irtenbideak ekonomia zirkularraren estrategiaren barruan sartzen dira.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia