Alzheimerraren bost aldaera identifikatu dituzte
2024/01/10 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alzheimerraren bost aldaera biologiko aurkitu dituzte. Eta litekeena da aldaera bakoitzak tratamendu desberdina behar izatea. Are gehiago, litekeena da horren ondorioz aurretik probatutako sendagai batzuk eraginkortasun txikia izatea. Ondorio horixe atera dute ikertzaileek, Nature Aging aldizkarian argitaratu duten lanean.
Alzheimerra duten gaixoetan amiloide eta tau proteinak metatu egiten dira garunean. Metaketa horiez gain, beste prozesu biologiko batzuk ere gertatzen dira, hala nola, hantura eta nerbio-zelulen hazkuntza. Hain zuzen ere, prozesu horietan jarri dute arreta. Ikertzaileek likido zefalorrakideoko 1058 proteina aztertu dituzte alzheimerra duten 419 pertsonetan. Eta bost aldaera biologiko daudela ikusi dute. Esaterako, lehenengo aldaeraren ezaugarri nagusia da amiloidearen ekoizpena handitzen dela. Bigarren motan, berriz, hesi hematoentzefalikoa asaldatu egiten da, eta amiloidearen ekoizpena eta nerbio-zelulen hazkuntza murriztu. Bestalde, ikusi dute gaixotasunaren bilakaera ere desberdina dela aldaeraren arabera.
Ikertzaileek azpimarratu dute aurkikuntza garrantzitsua dela sendagaiak ikertzeko. Izan ere, botika batzuek balio dezakete aldaeraren baterako, baina ez besteetarako. Adibidez, amiloidearen ekoizpena inhibitzen duten medikamentuak egokiak izan litezke ekoizpen hori handitzen den aldaeretarako, baina kaltegarria izan liteke amiloidearen ekoizpena txikitzen den kasuetarako. Eta gauza bera gerta liteke albo-ondorioak izateko arriskuarekin ere. Hortaz, hurrengo pausoa litzateke ikertzea medikamentuek zer eragin duten aldaera bakoitzean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia