}

Alzheimerraren transmisio-bide bat deskribatu dute, kasu oso bakanetan oinarrituta

2024/01/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

alzheimerraren-transmisio-bide-bat-deskribatu-dute
Amiloide proteinaren metaketak post mortem Arg. Gargi Banerjee et al/Nature Medicine

Alzheimerraren gaixotasunaren sintomak aurkitu dituzte hilotzen garunetatik erauzitako hormonekin tratatu zituzten bost pertsonatan. Kasu horien ikerketak iradoki du litekeena dela bost pertsona horiek alzheimerra garatu izana, tratamenduan amiloide proteinak jasotzearen ondorioz. Hain zuzen ere, amiloide proteinak dira gaitzaren ezaugarri biologikoetako bat, eta lehendik ere bazeuden susmoak alzheimerrak, zentzu horretan, antza izan dezakeela prioien bidez transmititzen diren gaitz batzuekin, hala nola Creutzfeldt-Jakoben gaitzarekin.

Orain deskribatu dituzten bost kasu horietan, gaztetan hazkuntza-hormonak jaso zituzten urteetan, garapenean zituzten arazoak tratatzeko. Orain, hazkuntza-hormonak sintetizatu egiten dira, baina, garai haietan, hilotzen guruin pituitariotik erauzten ziren. Alabaina, gero ikusi zuten, kasu batzuetan, Creutzfeldt-Jakoben gaitza eragiten duten prioekin kutsatuta zeudela, eta gaitza transmititzeko bidea zirela. Horrenbestez, jada badira 40 urte ez direla hilotzetatik erauzitako hormonak erabiltzen tratamenduetan.

Oraingo ikerketa horren aurretik, talde berak ikusi zuen hilotzetatik erauzitako hazkuntza-hormonen lagin zahar batzuk amiloide proteinekin kutsatuta zeudela. Horrez gain, frogatu zuten, saguen garunetan injektatuz gero, amiloide-metaketak eragiten zituztela, gordeta urte asko zeramatzaten arren.

Orain, beraz, ikusi nahi izan dute ea bost kasu horietan ere hala gertatu ote zitekeen; hau da: amiloide proteinekin kutsatutako hazkuntza-hormonak izan ote zitezkeen gerora garatutako alzheimerraren eragileak. Eta, emaitzen arabera, badaude hipotesi horren aldeko zantzuak. 

Ikertzaileek argi utzi dute kasu horiek benetan bereziak eta bakanak direla. Batetik, garatu duten alzehimerra ez da ohikoa; besteak beste, oso goiz azaldu zitzaizkien sintomak (38-55 urte bitartean). Bestetik, hormonen tratamendua ez ezik, beste tratamendu batzuk ere jaso zituzten, eta haiek ere izan zezaketen eragina asaldura kognitiboan. Azkenik, gaur egun ez da halako tratamendurik erabiltzen, eta garuneko kirurgietan eta bestelako prozeduretan neurri oso zorrotzak hartzen dira kutsadurak eragozteko.

Nolanahi ere, ikerketa baliagarritzat jo dute alheimerraren balizko transmisio-bide bat ezagutzeko. Nature Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia