Amaren kromosoma bihurriak
2002/06/12 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Islandiako deCODE genetics enpresan, bertako 146 familiako 869 pertsonaren genomak hartu dituzte, eta genomak gurasoetatik seme-alabetara zein aldaketa izaten dituen aztertu dute. Dirudienez, genomaren errekonbinazioan uste baino nahasketa handiagoa gertatzen da.
Gametoen (obulu eta espermatozoideen) sorrera-prozesuan, zelula horien genoma erdibitu egiten da. Erdibitu baino apur bat lehenago, genomaren kromosomen artean errekonbinazio-prozesua gertatzen da. Errekonbinazioaren bidez, kromosomen arteko geneak nahastu egiten dira eta gene-konbinazio berriak sortu. Horrela, amak bere ondorengoari emango dion genomaren zatia ez da berak duenaren guztiz berdina izango.
Zientzialariek badakite amagandik datozen kromosometan % 60 gehiago nahasten direla geneak aitagandik datozenetan baino. Orain, deCODE genetics enpresak eginiko azterketekin, jakin da ama guztietan geneak ez direla berdin nahasten. Ama batzuen obuluen genoma askoz ere nahastuago egoten da beste ama batzuena baino. Horrek azal dezake familia batzuek gaixotasun genetikoekiko duten sentikortasuna handiagoa izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia