Ambient Intelligence-tik Ingurune Adimendunera
2005/10/04 Saiz Elizondo, Rafa - Itsas Enara Ornitologia Elkartearen lehendakaria
Baina mundu errealeko seinaleak —soinua, irudia, letrak...— ez dira berez digitalak, eta, informazio berria sistema horientzat baliagarria izango bada, sarrerak — inputak — digitalizatu beharra dago horretarako propio diseinatutako gailuen bidez: eskanerra, kamera digitala, teklatua, soinu-txartela eta abar. Etxean ez, baina industrian, medikuntzan eta bestelako eremu askotan, halaber, beste gailu-mota asko erabili dira horretarako, tenperatura, presioa, hezetasuna eta antzeko parametroak neurtzeko erabiltzen diren sentsoreak, esaterako. Alderantzizko bidea ere egiten da: guk ikusten eta entzuten ditugun seinaleak analogikoak dira, eta bozgorailu edo pantailek, kableen bidez informazio digitala jasotzen badute ere, seinale analogikoak igortzen dizkigute begi-belarrietara.
Orain artean PCa izan da sistema horren muina eta oinarria. Haren PUZaren (Prozesatzeko unitate zentral) inguruan konektatu ditugu sarerra/irteerako hainbat gailu, eta horrexegatik esan diegu periferikoak. Baina hemendik aurrera hori guztia aldatzen hasia da: heldu da ingurune adimenduna, gure eguneroko bizitza aldatuko digun aurrerapen berria.
Teknologia inguruan eta ezkutuan
Ohituta gaude ordenagailuak objektu fisiko mugatu eta ondo identifikatutzat hartzen. Badakigu non dagoen: mahai gainean edo automobilean. Badakigu, halaber, zer osagarri dituen eta non dauden. Haien arteko komunikazioa ere kable bidezkoa da nagusiki. Laster ahaztuko dugu gehiena. Gure inguruan ezkutaturik izango dira informazioa jasotzen duten hainbat gailu: kamerak direla, mikrofonoak direla, tenperatura- edo presio-sentsoreak direla. Elkarren artean haririk gabeko sistemez konektaturik egongo dira, eta gure jardun, gogo, umore eta nahien berri emango diote PUZ ahaltsu bati.
Sofa batean esertzean hartzen dugun jarrera, esaterako, gure umorearen edo nekearen araberakoa da. Altzariak dituen presio-sentsoreek zein jarrera hartu dugun igarriko dute, eta ordenagailuak etxera nola iritsi garen 'jakingo' du. Lagungarria izango zaio saloian dauden kamerek gure aurpegia eskaneatu ondoren bidaltzen dioten informazioa: gu benetan gu garela egiaztatuko du, eta begi, bekain eta ahoaren jarreraren arabera, triste, alai, nekatuta ala lo gauden jakingo du. Informazio horretaz baliatuta, agian honelako edo halako musika entzutea proposatuko digu ahots ezti batek, ala kafe bat eskaini, guk nahi modukoa, gainera.
Horrek guztiak urruneko gauza dirudi, baina ez ahaztu dagoeneko erabiltzen direla horrelako teknologiak aplikazio batzuetan. Hainbat instalaziotara sartzeko, esaterako, begi-ninia, eskuko zimurrak zein aurpegia bere horretan aztertzen diguten kamera eta eskanerrak badira, eta horiexek erabakitzen dute gu benetan gu garen eta aurrera egiten utziko diguten ala ez. Errealitate birtualaz baliatzen diren joko batzuetan, orobat, erabiltzen dira eskuen presioa neurtzen duten sentsoreak, eskularru digital batzuetan paratuta.
Ingurune adimendunaren helburua da teknologia (horiek guztiak) integratuta, bizitza erosoagoa bilakatzea, teknologiaren arrasto fisikorik, ahal den neurrian, nabaritu gabe. Sistemak nonahi egongo dira: etxean, automobilean, arropan, lantegian, bulegoan, tabernan, banketxean, kalean... baina ez ditugu ikusiko. Nonahiko konputazioa esaten zaio ideia horri. Horri gehitu beharko litzaizkioke egun Internetek eskaintzen dituen aukerak: kontsumoa, informazio-bilaketak, harremanak... Gainera, erabiltzaileak gailuekin komunikatzeko aparteko ahaleginik ez luke egin beharko, ez ordenagailuak erabiltzen ikasi, ez ezer. Ez eta berea ez den beste hizkuntza bat ikasi ere.
Naturaltasun osoz, euskaraz
Gizakion arteko komunikazio naturala hizketa da, eta, ingurunea benetan adimenduna izango bada, gutako bakoitzari ulertu beharko dizkigu ematen dizkiogun aginduak edo egiten dizkiogun galderak, eta, gainera, erantzunak ere gure hizkuntzan eman beharko dizkigu. Horretarako teknologia garatzeak besteak garatzeak ez bezalako lana eskatzen du, hizkuntza bakoitzak bere eskakizun bereziak ekartzen baititu.
Ingeles baten, polinesiar baten edo kikuyu baten aurpegia eskaneatuta pozik dagoen ala ez erabakitzeko gai den teknologia garatzea, lan handia izanagatik, nahikoa da behin bakarrik egitearekin. Alabaina, hizkuntza bakoitzak bere lexikoa, bere soinuak, bere doinua eta bere sintaxia dauka, eta bakoitzak bere software partikularra garatzea eskatzen du. Ez da harritzekoa ingelesez, japonieraz, gaztelaniaz zein mendebaldeko Europako hizkuntza ahaltsuez jarduteko teknologiak besteak baino aurreratuago egotea. Euskarak ere ekin dio beretzako teknologia ikertzeari eta sortzeari, baina zeregina eskerga da.
AnHitz izeneko proiektuak lau euskal eragilek sortu dute elkar hartuta: Elhuyar Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, VicomTech eta Robotiker. Zenbait alorretan Eleka Ingeniaritza Lingustikoa enpresak ere jardungo du. Proiektu horren helburua da euskal hiztunek ezeri uko egin behar ez izatea ingurune adimendunen abantailez gozatzeko, eta euskaraz ere jardun ahal izatea, inongo muga teknologikorik gabe.
Lau lan-eremu nagusi ditu AnHitzek, guztiak ingurune adimendunen ingurukoak, baina euskarari eta euskaldunoi begira definitutakoak. Erabiltzaileekiko interfazeak dira guk hautemango ditugun aurrenak. Interfazeak erabiltzailea eta makinaren artean dauden gailuak dira. Gure hitzak 'entzun', soinu analogikoa seinale digital bihurtu eta grabazioaren transkripzio idatzi bat sortzea dute eginkizuna, inputei dagokienez, eta testu idatzi batetik abiatu eta bozgorailuetan hitz naturalak 'esan' bitartean dauden transformazioak egitea —hizketa sintetizatzea, alegia—, outputei dagokienez.
Euskaldunon intonazioa, artikulazioa, sentimenduak —beldurra, ikara, sorpresa, nazka, lotsa, herabetasuna...— zein esanahi bereziak —ironia, zinismoa...— adierazteko moduak aintzat hartu beharko dituzte sistemek, sortzen duten mezu idatzia testu huts bat baino gehiago izan dadin: esanahia ahalik eta ongien finkatu beharko da, anbiguotasunik gabe. Halaber, makinek bideratzen dizkiguten mezuak ere egoerari moldatutakoak izan beharko dute, ez halako mezu estandarrak, eta egoeraren araberako intonazioa eman beharko zaie.
Makinari euskara irakasteko...
Landuko den bigarren alorra ezagutzaren kudeaketa da. Alferrikakoa da guk aginduak euskaraz eman ahal izatea, erantzunak, euskaraz jasoagatik ere, baliogabeak badira. Gaur egun informazio eskerga dago digitalizaturik, eta horietatik gehiena kontsultatzeko eta bilaketak egiteko moduan aurkitzen da, ez beti edozeinen esku, baina bai, beti, bere jabearen esku. Informazio idatziak du bolumen handiena horretan, eta informazio hori IDATZIA denez, ezinbestean hizkuntza bat egongo da tartean.
Gaur egun gauza asko egin daiteke informazio idatziarekin. Adibidez, dokumentuen edukiaren arabera sailka daitezke, automatikoki, agiritegi handiak. Edo dokumentuak alderatu eta, hitz desberdinez idatzita egonda ere, antzeko edukia dutela konturatzen dira sistemak. Bilatzaileek testu-kate jakinak bilatzeaz gain, testu-kate horien esanahia ezagutzen dute, eta horren araberako bilaketa zabalagoak egin ditzakete. Guk 'pilota' eskatu, eta sistemak 'bola' eta 'baloi' ere bilatuko du, guk nahi izanez gero. Baina, horretarako, dokumentua idatzia izan den hizkuntza aintzat hartu beharko du teknologiak. Berriz ere, hizkuntzaren araberako ikerketak eta garapenak egin behar dira. Hitz bakoitzaren aldaerak (euskaran oso garrantzitsua da kontu hau, deklinabide handia baitu) hartu behar dira kontuan, noski, baina halaber hartuko dira aintzat sinonimiaren eta polisemiaren eragina eta, esaterako, zein jakintza-eremutan erabiltzen den hitz bakoitza. Semantikaren alorrera zabaldu da zeregina.
Bai batari eta bai besteari lana errazteko, ezinbestekoa da hirugarren arloa sakon lantzea: tresna eta baliabide linguistikoak. Lehen aipatutako behar horiek aldez aurretik oinarrizko baliabide batzuk egotea behar dute ezinbestean. Informazio linguistikoak ondo antolatua eta aplikazioek erabiltzeko moduan prestatuta egon behar du. Nola jakingo dute, bestela, bilatzaileek 'pilota' eta 'bola' sinonimoak direla? Edo nola jakingo dute 'segapoto' hitzak hiru esanahi dituela (oraingoz bederen)? Edota halako esaera ironikoa dela ('joan ta harrapa ezak')? Edo 'esan dut', 'esan det', 'esan dot' eta 'erran dut' esaldi beraren aldaerak direla? Erantzuna datu-biltegi zabalak, logikoki antolatuak eta etiketatuak eta, jakina, informatikoak dira.
Azkenik, aurrekoaren aplikazio-eremu gisa, itzulpen automatikoa ere jorratuko da AnHitzen barruan. Horretan lehendik ere badihardute hainbat eragilek, estatuko lau hizkuntza ofizialen arteko motor bat garatzen. Motor hori bera bakarrik ere erabil daiteke, egungo aplikazio batzuek egiten duten antzera: guk hizkuntza batean idatzitako testu bat sartzen dugu input moduan, eta sistemak haren baliokidetza bat ematen digu bueltan, beste hizkuntza batean. Baina hizkuntza anitzeko kontsulta-aplikazioek ere beren baitan bil lezakete motor hori. Adibidez, guk kontsulta bat ahoz egin, euskaraz, sistemak bilaketak euskaraz egin euskarazko dokumentuetan, baina aldi berean gure kontsulta hainbat hizkuntzara itzuli eta bilaketa bana egin horietako bakoitzean. Erantzunak atzera euskaratu eta guri ahoz zein idatziz eskainiko dizkigu, azkenik.
Hori guztia ez da bihar bertan gure eskumenean izango dugun zerbait, baina bai uste baino lehenago. Horretarako behar diren lehen urratsak emanda daude eta dagoeneko badira hainbat tresna eta baliabide, eta beste zenbait bidean daude. Baina asko gelditzen da oraindik egiteko. Hori da gure erronka.