Amerikako lehen hiria
2001/04/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Science aldizkarian jakitera eman denez, Caral izeneko tokia bere garaiko garatuena zen. Limatik iparraldera 200 bat km-ra eta Ozeano Baretik 23 km-ra dago. Unerik onenean, etxe arruntez osatutako zortzi auzo eta harresiz inguratutako egoitzak, bi plaza biribil eta harrobiko eta ibaiko harriez egindako sei plataforma izugarri handi zituen. Plataforma horien gainean, ziur aski zentralizatutako erlijio baten sinbolo gisa, zeremonia-gela ugari zituzten eraikinak zeuden.
Limako Unibertsitate Nazionaleko Ruth Sclis arkeologoak eta bere taldekideek karbono-14aren proga erabili dute eraikuntza horien data zehazteko. Indusketan hartutako 18 laginen azterketaren ondoren, k. a. 2627. urtekoak direla esan dute. Beraz, lehenengo hiriak ordura arte uste zutena baino 800 urte lehenago eraiki zituzten. Gainera, hango gizarteari buruzko datu interesgarriak jakin ahal izan dituzte, batez ere plataforma horiek adierazten dutena kontuan izanda.
Bestalde, Caralek Peruko zibilizazioak kostan sortu zirela zioen teoria zalantzan jartzen du. Teoria horren arabera, itsasoko arrain eta molusku ugariak elikagai-iturri eskura errazak eta preziatuak zirelako kokatu ziren kostan. Han arkitektura landua garatu zuten eta gizarte konplexuak sortu ziren, eta barrualdera geroago mugitu ziren.
Baina Caral beste hiri horiek baino hainbat mende zaharragoa da; beraz, kostaldeko hiri horiek barrualdeko kokagune monumental baten sateliteak besterik ez lirateke izango. Dena den, oraindik ez dakite zergatik sortu zen Caral toki horretan, baina ikertzaileen ustean, ibai-haran hori nekazaritzarako leku aproposa zen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia