Amerikaren bi aldeak
2003/07/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurra 'biribila' da, eta zer? Horrek ez du ezertarako balio leku batetik bestera joateko poloetatik gertu nabigatu behar bada. Bide laburra egiten aurrezten dena itsasontzi sendoak prestatzen galtzen da. Kasu guztietan ez da errentagarria.
Magallanes nabigatzaileak Suaren Lurralderaino joan behar izan zuen Pazifikora iristeko; beste ehunka esploratzailek Kanadako ubideen labirintoan egin zuten porrot iparraldeko zeharbide baten bila ari zirela. Atlantikotik Pazifikorako bidean Panamako istmoa zen alternatiba bakarra, baina 26 metroko altuera gainditu behar zen kosta batetik besterako bidean; itsasontzientzat gaindiezina zen.
Panamako kanalaren inguruko lurretako basoen mapa.Urrearen bila
Kalifornian urrea zegoelakoan Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldea kolonizatzen ari zirenentzat, Hornos lurmuturreraino jaistea gehiegizkoa zen. Oso arriskutsua zen. New Yorketik San Franciscorako bideak, adibidez, 21.000 kilometro zituen, eta bi hilabeteko bidaia egin behar zen. Jende asko ari zen migratzen, eta, beraz, Panaman nolabaiteko pasabidea prestatzea lehentasun bilakatu zen.
Estatubatuarrei Kolonbiako gobernuak eman zien baimena, eta 1855ean trenbide txiki bat eraiki zuten. Zazpi milioi dolar gastatu eta 6.000 lagun hil ziren, gero etorri zena ikusita, hala ere, merkea izan zen.
Ez da harritzekoa hainbeste heriotza gertatzea horrelako lan batean; lurralde horretan oihan tropikala zen nagusi, eta malariak eta sukar horiak jende asko hil zuten.
Culebra ebakia, zulatzeko zatirik zailena.Frantsesen lana
Panama ez zen komunikazioen esparruan bide garrantzitsua ireki zezakeen istmo bakarra; izan ere, aurrekari ospetsu bat bazuen: Suez. 1869an zulatu zuten kanal bat egiteko Ferdinand de Lesseps ingeniari frantsesaren zuzendaritzapean. Zergatik ez egin gauza bera Panaman?
Alde handia dago bi istmoen artean. Suezekoa da bietan luzeena, 120 kilometrokoa, baina ia laua da, eta hainbat laku ditu; ondorioz, alde batetik, hango kanalak ez zuen esklusarik behar, eta, bestetik, bidea lakuz laku osatuz gero, zulatze-lanak asko murrizteko aukera zegoen.
Panaman lana askoz gogorragoa izango zen: esklusak egitea nahitaezkoa zen, eta, lakuak izan beharrean, ibaiak hamalau aldiz zeharkatzen zuen 80 kilometroko ubidea zulatu behar zen. Hala eta guztiz ere, de Lesseps-ek berak lanari ekitea erabaki zuen, frantziar abertzalekeriak bultzatuta.
1882an hasi ziren lanean. Lan astuna eta mantsoa zen, eta euriek eten egiten zuten. Horrez gain, intsektuek, sugeek, gaixotasunek eta ibaiak berak traba handiak jartzen zituzten. Bidean, langile asko hil ziren. Eta egoera tamalgarri horrek oihartzuna izan zuen munduan. Garai hartako marrazkilari batek, esate baterako, honako galdera hau idatzi zuen de Lesseps-en karikatura baten azpian: "Zer ari da de Lesseps zulatzen, kanala edo hilobiak?"
Milaka lagun hildakoan jabetu ziren gaixotasun tropikalen jatorriaz: eltxoek kutsatutako birusek eragiten zituzten gaitzak, ez zimeldutako landareek isurtzen zituzten gasek.
Theodore Roosevelt
Lanak hasita zeuden, eta oso puntu geografiko estrategikoa zen. Estatu Batuetako presidenteari interes handiko proiektua iruditu zitzaion eta, kanal hori bukatu eta kontrolatuz gero, Amerikako itsas trafiko oparoena kontrolatu ahal izango zuen. 1902an frantsesei erosi zien kanala eraikitzeko eskubidea.
Kolonbiarekin hitzarmen bat sinatzea besterik ez zen falta; azken batean, estatu haren lurretan zegoen kanala. Baina Kolonbiako gobernuak hitzarmena onartzen ez zuenez, Roosevelt presidenteak Panamako independentistei lagundu eta 1903an Panamako estatua sortu zuten; Estatu Batuetako armadak defendatu zuen nazio berria, eta horren truke kanalaren kontrola eskuratu zuten. Besteak beste, haiek idatzi zuten Panamako lehen konstituzioa.
Kanala osatzeko, lehendabizi lurralde osoa garbitu behar izan zuten; pestizidaz hil zituzten inguruko eltxo-kolonia guztiak, drainatze-lanak egin zituzten eta hiriak eraiki zituzten ubidearen inguruan. Chagres ibaiaren zati handi bat urpetuta, Gatun lakua sortu zuten, eta 13,7 kilometroko zulaketa egin behar izan zuten kareharrian, laku horretatik Atlantikoraino. Azken zati horri Culebra ebakia deritzo. Azkenik, ordura arteko ingeniaritza-lanik handiena burutu zuten, baina komunikabideek beste zerbaitetan zuten arreta jarrita: Lehen Mundu Gerra hasia zegoen.
2000. urtean, Estatu Batuetako gobernuak Panamari eman zion kanalaren kontrola; erabakia 12 urte lehenago hartu zuten, estatuaren mendebaldean oliobide bat eraiki zuten urtean; oliobidea izateak asko murriztu zuen itsasontzien kanaleko trafikoa.
Soberania, biodibertsitatearen paradoxa Panamako kanalaren ondoko lurraldea parke nazional izendatu zuten: Soberania parkea. Jatorriz, parkearen helburua oihan tropikalaren 'lagin' bat babestea zen, eta gaur egun 22.104 hektareako lurraldea da. Panaman beste hainbat gune ere babestu dira; lurraldearen % 29 dago babestua, hain zuzen ere. Soberania parkearen biodibertsitatea nabarmentzen dute askotan biologoek. Natura babesteko balio du, eta, bide batez, Panamako kanala ere babesten du; horregatik, politikoki oso interesgarria izan da gune hori. Ustez helburu altruista batekin sortutako gune bat segurtasunerako baliabide bilakatu zuten, beraz. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia