}

AMPK, garunaren garapenaren kontrolatzaile

2009/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

AMPK, garunaren garapenaren kontrolatzaile
2009/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Minbizian, diabetean, bihotzekoetan eta hipertentsioan eragina duen proteina batek, AMPK proteinak, funtzio garrantzitsua du nerbio-sistemaren garapenean. Washintongo Unibertsitateko zientzialariak konturatu dira horretaz, saguetan egindako esperimentu batean: AMPK proteinaren sintesia inhibituta, saguek tamaina erdira bakarrik garatzen dute garuna.

Arrazoia proteinaren eginkizunean datza. Hainbeste gaixotasun larritan eragina du, hain zuzen ere, AMPK zelularen energiaren kudeaketan hartzen duelako parte. Zelulak energia falta duenean aktibatzen da, eta kontsumo handiko prozesuak eten egiten ditu (lipidoen eta proteinen sintesia eta ugaltze-prozesua, adibidez), eta energia sortzeko beste batzuk jartzen ditu martxan (mitokondrioen sorrera, adibidez). Oro har, oinarrizko prozesuak aldatzen ditu AMPK proteinak, eta, gaizki funtzionatzen duenean, gaixotasun larriak eragiten ditu; gaixotasun bat edo beste bat, AMPKren funtzionamendu txarra duen zelularen arabera.

Zientzialariek ikusi dute nerbio-sistemako zelula ametan eragin handia duela, erretinoblastoma proteina inhibitzen baitu, ugalketa kontrolatzen duen beste proteina bat, alegia. Eta zelula amen ugaltze-prozesua inhibituz gero, garuna ezin da behar bezala garatu.

1
255
2009
7
027
Biokimika
Albisteak
17

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia