Analogikoa eta digitala
2006/11/01 Lasa Oiarbide, Aitzol - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Imajinatu grabaketa-estudio bat. Han, soinuaren uhinek presioa eragiten dute mikrofonoaren gainean. Aldi berean, presio-aldaketa horiek aldaketa jarraitu bat eragiten diote mikrofono barrutik igarotzen ari den tentsioari. Azkenik, seinale analogiko horren arabera egiten da grabaketa.
Grabatu beharrean, mikrofonoan sortu den seinale analogikoa transmititu egin daiteke, horretarako irrati-uhinak erabiliz. Azken batez, uhin elektromagnetikoen uhin-luzera aldaketa jarraitua jasaten duen magnitude fisikoa da, eta, ondorioz, aurreko definizioa berdin betetzen du. Irrati-uhinak ere uhin elektromagnetikoak dira, eta irrati- eta telebista-seinaleak garraiatzeko erabiltzen dira. Kasu horretan, mikrofonotik datorren seinaleak aldaketa jarraitua eragiten dio irrati-uhinari, eta azken hori distantzia handi batean barreia daiteke.
Seinale analogikoa magnitude fisiko aldakor baten menpekoa denez, interferentziek eragin zuzena dute harengan. Adibidez, 91,4 megahertzeko uhin-luzeran emititzen ari den irratiaren seinaleak interferentziak jasoko ditu uhin-luzera bereko beste irrati-seinale batetik. Horregatik banatzen dira irrati-lizentziak, besteak beste, seinaleak gainezar ez daitezen. Baina interferentziak saihestezinak dira, bai irrati-uhinen kasuan bai beste edozein seinale analogikoren kasuan.
Lurreko atmosferara etengabean sartzen ari da espazioko erradiazioa, eta erradiazio horren zati bat irrati-uhinek osatzen dute. Beraz, sukaldeko irratiak ezin ditu saihestu interferentziak, ez behintzat espaziotik datozenak. Bestalde, musika, normalean, gauez grabatzen da. Izan ere, gauez hirietako zarata gutxitu egiten da, eta, horrela, estudioko mikrofonoetara interferentzia gutxiago iristen da. Askotan, interferentzia horiek ez ditu entzuten gizakiak, baina mikrofonoko seinale analogikoan erregistratuta geratzen dira, soinuaren kalitatearen kaltetan. Grabaketak gauez egiteko beste arrazoi bat da kantariek ahotsa finagoa izaten dutela gauez egunez baino. Baina hori beste kontu bat da.
Seinale analogikoa digitaliza daiteke
Irrati-uhinen modura, argi ikusgaia ere uhin elektromagnetikoa da. Argi ikusgaiaren banda osatzen duen uhin-luzera bakoitzari kolore bat dagokio. Argazki-kamera analogiko batek pelikula fotosentikor batean erregistratzen ditu argi ikusgaiaren uhin-luzerak. Prozesu analogikoa da, pelikulan uhin-luzeren informazioa idazten delako. Baina argazki-kamera digital batek beste modu batera prozesatzen du informazio hori.
Prozesu hori ez da analogikoa. Ez ditu erregistratzen argiaren tonalitate guztiak. Aitzitik, pixel bakoitzeko, tonalitate horietatik bat bakarra erregistratzen du, eta, gainera, informazio hori disko gogor batean artxibatzen du, zenbaki baten gisa. Prozesu hori digitala da.
Gaur egun, digitalizazioa gertatzen ari da teknologiaren alor guztietan. Horren adibide dira argazki-kamera digitalak, baina adibide gehiago ere badaude. Esate baterako, telebista- eta irrati-kateak seinalea digitalean transmititzen hasi dira.
Informazioaren gizartea digitala da
Analogiko hitza analogiatik datorren bezala, digital hitza digitutik dator. Digit edo digitus , latineko hitza da eta hatza esan nahi du, edo, baita ere, hatzekin zenbatzea . Beraz, sistema digital batek hori egiten du, informazioa zenbakien bitartez gorde edo transmititu.
Ordenagailuek informazio hori zenbaki bitarretan idazten dute, hots, 0 eta 1 digituak erabiliz, eta, normalean, ikaragarrizko zenbaki-piloa behar izaten dute horretarako. Adibidez, erresoluzio handiko argazki batek 1,5 megabyte bete ditzake disko gogorrean. Horrek esan nahi du milioi bat eta bostehun mila byte betetzen dituela. Kontuan hartuta byte bat 8 digitu bitarreko zenbakia dela, horrek esan nahi du argazkia gordetzeko 12 milioi digituko zenbakia erabili dela.
Ados. Baina, zer egin daiteke horrelako sekuentzia luze bat transmititzeko? Transmisio-sistemak azkarra beharko du izan, bestela ez da eraginkorra izango. Adibidez, ordenagailuko modem sinple batek segundoko 28 kilobyte transmititzen baditu, hots, 28.000 byte edo 224.000 digitu, minutu bat beharko du aurreko argazki hori leku batetik bestera eramateko. Gaur egungo teknologiarako, ez dirudi oso eraginkorra. Transmisioa eraginkorra litzateke, esaterako, 5 segundoan gertatuko balitz. Horretarako, sistemak segundo batean 300 kilobyte mugitu beharko lituzke, hots, bi milioi eta erdi digitu inguru.
Transmisioan zehar gerta daitezkeen erroreak saihestu ahal izateko, softwareek ez dute informazioa edozein modutara kodetzen. Transmisio batean akatsa gertatu bada, 1 baten lekuan 0 bat ager daiteke. Softwareak gai izan behar du akatsaz ohartzeko, eta errorea konpondu egin behar du. Bestela, transmisioa egiten den bakoitzean informazioa galduko litzateke.
Formatu-aldaketa baino gehiago
Alde batetik, teknologia digitala formatu-aldaketa baten modura ikusten da; sistema analogikoetan gorde beharrean, ordenagailuetan gordetzen da informazioa, zenbaki bitarren bidez. Disko gogorrean segurtasun-kopia eginez gero, sistema digital batek informazioa gordetzeko modu seguruagoa eskaintzen du.
Adibidez, argazkien negatiboak eta kaseteak material galkorrez eginak daude. Denborak aurrera egin ahala material hori hondatu egingo da ezinbestean. Disko gogor batean gordetako informazioa, ordea, beti egongo da eskuragarri, nahi beste kopia egin daitezkeelako informazioa galdu gabe.
Baina, beste alde batetik, teknologia digitala hori baino gehiago da, softwarearen laguntza daukalako informazioa tratatzeko. Berriz ere argazkiak aipatuta, digitalki gordetako argazki baten gainean aplikazio informatikoak erabil ditzakegu, argazkiaren kalitatea hobetzeko; argazki iluna argitu daiteke, gaizki fokatutakoa fokatu edo antigoaleko argazkia berreskuratu.
Adibide gehiago aipatzearren, gaur egun, monitoreak erabiltzen dira Medikuntzan, garai batean baino askoz modu eraginkorragoan. Zuri-beltzeko erradiografiak egiteaz gain, gaur egun gaixoaren gorputz-atala hiru dimentsiotan monitoriza daiteke, eta, gainera, irudia koloretan agertzen da. Eskanerra erabili ondoren informazio hori digitalki tratatuko ez balitz, ez litzateke posible izango horrelako irudirik lortzea.
Posible da baita ere kamera batek hartutako irudia pertsonentzat ez izatea. Robotek kamera digitalak erabiltzen dituzte 'ikusteko'. Kasu horretan ere, irudia zuzenean robotaren 'burmuinera' doa, hots, ordenagailu batera. Han, softwareak irudia aztertuko du eta robotari esango dio zer egin behar duen. Gauza horiek guztiak pentsaezinak lirateke sistema analogiko batean.