}

Anasazien kulturaren informazioa zurean irakurri dute

2001/09/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Zurezko etxeen aztarnen bitartez, antzinako kultura amerikarra aztertu da.

Gaur egun Mexico Berria basamortua dena, duela 1.500 urte, anasazien zibilizazioaren mende zegoen lurralde emankorra zen. Zibilizazio horrek Chaco arroilean eraiki zuen herriaren aztarnak aztertu dituzte Arizonako Unibertsitateko arkeologo batzuek. Herri hori eraikitzeko, anasaziek 200.000 enbor ekarri zituzten arroileraino 80 kilometroko bidaia eginda.

Anasazien zibilizazioa 550. urtearen inguruan iritsi zen Mexico Berrira eta hirurehun urte eman zituen bertan, etengabeko lehorteen ondorioz beste toki batzuetara alde egin behar izan zuen arte.

Arkeologoek, besteak beste, zurez eta kareharriz egindako 12 etxe topatu dituzte, eta zientzialariek zur horren jatorria bilatzeari ekin diote. Horretarako, zurean dauden estrontzio metalaren atomoak aztertu dituzte, hots, zenbat dauden eta zer motatakoak diren.

Zur hori ustez hiru tokitakoa izan zitekeen: Chuskakoa eta San Mateo eta San Pedro mendietakoa. Baina ikerketaren emaitzen arabera, lehenengo bietatik bakarrik hartu zuten anasaziek. San Pedro mendiak beste biak bezain gertu zituzten anasaziek, baina ez zituzten ustiatu. Zientzialari batzuen ustez, horrek esan nahi du azken horretan taxuzko zuhaitzik ez zutela aurkitu; beste batzuen arabera, aldiz, ustiatu ez izana inguruko herriekiko harremanen ondorio da.

Aztarna begetalen azterketa estrontzioaren analisiaren aplikazio berria da, eta beste hainbat hondar analizatzeko erabiltzen jarraituko dute zientzialariek. Adibidez, herri berean jasotako arto-aztarnak analizatuko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia