}

And the "Vanadium Award" goes to...

2001/06/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Erresuma Batuko Materialen Institutuak Banadioaren saria eman die Carlos Garcia, Beatriz Lopez eta Jose Maria Rodriguez Ibabe Donostiako CEIT Ikerketa Zentroko ikertzaileei. Materials Science and Engineering aldizkarian argitaratutako "Static Recrystallization Kinetics in Warm Worked Vanadium Microalloyed" artikuluagatik jaso dute saria, altzairuaren epeleko forjaketan banadioak altzairuaren erresistentzia mekanikoa hobetzen duela frogatu dutelako. Saria ekainaren 19an jasoko dute Londresen.

Proiektuaren helburua automobilentzako piezak egiteko epeleko forjaketa lantzea izan da. Epeleko forjaketan gehiegi berotu gabe lantzen da metala, 900 ºC-tan gutxi gorabehera. CEITeko ikertzaileek altzairuari banadioa gehitu eta prozesuan gertatzen diren aldaketak aztertu dituzte. "Epeleko forjaketan banadiodun altzairuak erabiltzeak dituen abantaila batzuk topatu ditugu. Banadioak altzairuaren mikroegituren birkristaltze estatikoa atzeratu egiten duela ohartu gara, eta hori erresistentzia handitzeko tresna berri bat da" adierazi zuen Jose Maria Rodriguez Ibabek saria eman zietela jakin zuenean.

"Epeleko forjaketak hainbat abantaila ditu: altzairuaren osagai guztien propietateak mantentzen ditu eta energia gutxiago kontsumitzeko bidea da; hori oso garrantzitsua da industrian. Bestalde, tenperatura baxuagoetan lan eginda, piezak ez du forjaketa ondorengo tratamendurik behar. Horrela, prozesua azkartu egiten da eta zehaztasun handiagoko piezak lortzen dira" azaldu zuen.

Banadioa oso kantitate txikietan erabilita, altzairuaren erresistentzia asko hobetzen da. Adibidez, landu behar den metalaren pisuaren % 0,1 baino banadio gutxiago sartuz eta % 0,03 niobio nahasiz, altzairuaren erresistentzia bikoiztu egiten da. Kantitate txikiko nahaste horiei mikroaleazio deritze, eta orain arte beroko forjaketan bakarrik erabili dira. CEITeko ikertzaileek mikroaleazioak epeleko forjaketan erabili dituzte eta banadioa gehituta materialaren propietateak hobetzea lortu dute.

Rodriguez Ibaberen arabera, euren ikerketaren emaitzekin banadioaren erabilera-esparrua eta ikerketa-arlo berri bat zabaldu dira, "erresistentzia handiagotuz, altzairuzko piezen pisua jaisten baita, eta hori oso garrantzitsua da automobilaren industriarentzat".

Carlos Garcia, Beatriz Lopez eta Jose Maria Rodriguez Ibabe Donostiako CEIT Ikerketa Zentroko ikertzaileek saria ezusteko handia izan dela adierazi dute. Izan ere, sariaren babesle den VANITECek (The Vanadium International Technical Committee) banadioaren inguruan argitaratzen diren artikuluak bildu eta ekarpen berriren bat aurkezten duena sarirako hautatzen du. 2000ko urrian, Toronton, Ipar Amerikako Burdinaren eta Altzairuaren Elkarteak beste sari bat eman zien ikerketa beraren beste emaitza batzuengatik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia