Anestesia osoak garuneko komunikazioa oztopatzen du
2012/11/13 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Anestesia osoak kontzientzia galtzea eragiten du, eta, ondorioz, gaixoak ez du minik edo enbarazurik sentitzen ebakuntzan. Baina zientzialariek ez dakite anestesiak nola lortzen duen hori, alegia, garunean nola eragiten duen. Orain, PNAS aldizkarian argitaratu berri den lan batek erakutsi du garuneko eremu batzuen aktibitatea aldatu egiten dela, eta horrek garuneko eskualde desberdinen arteko komunikazioa oztopatzen duela.
Mikroelektrodoen bidez, propofol anestesikoa eman zieten hiru gaixoren kortexeko aktibitatea neurtu zuten. Eta ikusi zuten kontzientzia galtzen zuten unean, bat-batean, oszilazio baxuko uhinak agertzen zirela garunean. Uhin horiek denbora desberdinean agertzen ziren garuneko eremu desberdinetan. Ikertzaileen esanean, uhinak asinkronikoak izateak eragin lezake garuneko komunikazioa oztopatzea. Izan ere, neurona-sare lokalek aktibitate normala mantentzen badute ere, isolaturik gelditzen dira denboran eta espazioan.
Lan honek argitzen ez duen gauza bat da oszilazio baxuko uhinek kontzientzia galtzea eragiten duten, edo, alderantziz, kontzientzia galtzearen ondorio bat diren uhin horiek. Horretarako, frogatu beharko lukete oszilazio baxuko uhin horiek martxan jartzea nahikoa den kontzientzia galtzea eragiteko. Bestalde, ikertzaileek uste dute oso litekeena dela beste anestesiko batzuek ere modu berean funtzionatzea, eta horixe ikertu nahi dute orain.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia