}

Anfibioen gainbeherak malaria-agerraldiak areagotu zituen

2021/01/12 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

anfibioen-gainbeherak-malaria-agerraldiak-areagotu
Costa Ricako igel bat. Arg. Danel Solabarrieta Arrizabalaga

Kitridiomikosiak eragindako anfibioen gainbeherak malaria-agerraldiak areagotu zituen 1990eko eta 2000ko hamarkadetan Erdialdeko Amerikan, ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez.

1980ko hamarkadatik aurrera, Batrachochytrium dendrobatidis onddoak eragindako gaitzak gogor jo die ia mundu osoko anfibioei. 2019an Science-n argitaratutako lan baten arabera, 500 espezieri eragin die kitridiomikosiak, eta 90 espezie desagerrarazi dituela uste dute.

Costa Rican eta Panaman, gaitzak 1980ko hamarkadaren hasieratik 2000ko hamarkadara arte jo zuen gogorren. Eta justu garai horietan malaria-agerraldi handiak izan ziren. Ikerketa berri honetan bi gauzak lotuta dauden aztertu nahi izan dute, anfibioak malaria transmititzen duten eltxoez elikatzen baitira. Horretarako, anfibioen heriotza eta malaria-kasuak denboran eta espazioan nola gertatu ziren konparatu dute, 1976tik 2016rako tartean. Eta ikusi dute bat datozela: anfibioen gainbehera hasi eta berehala hasi zirela handitzen malaria-kasuak. 1980an bi herrialdeen artean 1000 kasu baino gutxiago izatetik, 1990eko hamarkadaren erdian 7.000 kasuko maximoa izan zuten Costa Rican, eta 5.000koa Panaman 2000ko hamarkadaren erdialdean.

Ikertzaileek azpimarratu dute biodibertsitateak gizakion osasunean izan dezakeen garrantzia erakusten duela ikerketa honek, eta ohartarazten dute biodibertsitate-galerak patogeno berriak errazago hedatzea eragin dezakeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia