Angel Rubio EHUko irakaslea AAAS zientzia-elkarteko kide egin dute
2011/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientziaren sustapenean eta dibulgazioan lan egingo du Rubiok
Angel Rubio, Materialen Fisikan katedraduna eta EHUko Nano-Bio Spectroscopy taldeko zuzendaria, American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko fellow izendatu dute. AAAS, munduko zientzia-elkarte handiena, irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta hezkuntza- eta dibulgazio-jardueren bidez zientziaren aurrerapena sustatzen du. Elkarte horrek argitaratzen du Science aldizkari zientifiko ezaguna.
"Ohore bat da erakunde horretako kide izatea. Batetik, espainiar oso gutxi gaudelako zerrenda horietan, eta, bestetik, eta batik bat, nanoegituren simulazioaren eta espektroskopia teorikoaren alorretan urte hauetan guztietan egindako lana nolabait saritzen duelako" dio Rubiok. "Orain, ildo horietan ikertzen jarraitu behar dugu, eta erronka berriei heldu behar diegu" gehitu du.
AAASeko kontseilu errektoreak, kide berriak aukeratzeko orduan, hautagaiek zientziaren aurrerapenerako eginiko ekarpenak edo gizarteak zein zientziaren esparruak onartutako aplikazioak lortu izana baloratzen du. Ángel Rubio aukeratu dute, fisikaren arloan, fisika konputazionala eta teorikoa materialen zientziari eta nanoteknologiari aplikatzeko eta, bereziki, karbonozko nanoegiturak ulertzeko egin dituen ekarpen handiengatik. "Zientziaren sustapenean eta dibulgazioan lan egingo dut. Halaber, Science aldizkarian referee lanak egitea egokituko zait nire lan-esparruan" azaltzen du Rubiok.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia