}

Animalia txikiek kamera geldoan ikusten dute mundua

2013/09/19 Jauregi Larretxea, Oihana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

animalia-txikiek-kamera-geldoan-ikusten-dute-mundu
Spermophilus lateralis lurreko urtxintxa da, aztertu dituzten animalien artean, ikusmen-sistema azkarrenetako bat dutenetako bat. Arg. Eborutta/CC-BY-SA

Animalia txikiek kamera geldoan atzematen dute inguruko informazioa; alegia, denbora-tarte berean animalia handiek baino informazio gehiago eskuratzen dute. Horixe dio Animal Behaviour aldizkarian argitaratutako ikerketa batek.

Dublingo Trinity College Unibertsitatean egin dute ikerketa, eta, emaitzen arabera, animalia txikiek handiek baino denbora-eskala finagoan behatu ditzakete mugimenduak, eta, gaitasun horri esker, tamaina handiko harrapakarietatik ihes egin dezakete.

“Denbora oso eskala txikian atzemateko gaitasuna bizitza eta heriotzaren arteko aldea izan daiteke animalia hauen kasuan” adierazi zion ikerketa zuzendu duen Kevin Healy ikertzaileak BBCri.

Intsektuek eta txori txikiek, adibidez, segundo bakarrean elefanteek baino informazio gehiago eskuratu dezakete.

Ikertzaileek, gizakietan, norbanakoen artean dagoen aldea ere atzeman dute. Atletek, adibidez, informazio bisuala azkarrago prozesatu dezakete. Azkartasun horrek gainera, zerikusi handia du adinarekin: gazteek helduek baino azkarrago erreakzionatzen dute.

Trinity College Unibertsitateko ikertzaileek hainbat ikerketa egin dituzte ondorio horietara iristeko. Animalia-espezie ezberdinek denboraren pertzepzioan dituzten aldaketak neurtu dituzte lehenik. Ondoren, emaitza horiei beste batzuk gehitu dizkiete. “Begien kliska kritikoaren bat-egite maiztasuna” izeneko teknikaren bidez, begiek argia zein abiaduratan prozesatzeko gaitasuna duten aztertu dute. Datu guztiak bateratu ondoren, lortutako emaitzek agerian utzi dute erlazio zuzena dagoela gorputzaren tamainaren eta ikusmenaren bidez informazio-aldaketei azkartasunez erantzuteko gaitasunaren artean.

Azterketa horren arabera, urtxintxak, arabazozoak eta usoak dira ikusmen-sistema azkarrenetakoa duten animalia-espezietako batzuk.

Ikerketa, batez ere, ornodunetan egin dute, baina zientzialari-taldeak zenbait euli-espezieren inguruko datu esanguratsuak ere bildu ditu. Horien arabera, espezie horien begiek giza begiak baino lau aldiz azkarrago erantzun dezakete estimuloen aurrean.  

“Hor kanpoan detaile txikiz betetako mundu bat dago, eta ohartzen ari gara animalia gutxi batzuek soilik atzeman ditzaketela”, adierazi zion ikerketan parte hartu duen Eskoziako St Andrews Unibertsitateko Graeme Ruxton ikertzaileak BBCri. “Haien begiek gureek baino maiztasun handiagoz bidaltzen dituzte eguneratze-datuak garunera. Eta horrek ez du inolako baliorik garunak azkartasun berarekin prozesatzeko gaitasunik ez badu. Hortaz, lan honek agerian uzten du animalia txikienen garunen gaitasun handia”, gaineratu zuen zientzialariak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia