}

Animalien eboluzioa, glaziazio globalaren ondorioz suspertua

2010/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Animalien eboluzioa, glaziazio globalaren ondorioz suspertua
2010/12/01 | Elhuyar
Glaziazio globalen ondorioz oxigeno-maila igo egin zen, eta horrek suspertu egin zuen animalien eboluzioa. Arg.: Neethis.

Oxigeno molekularrak bultzada handia eman zion animalien eboluzioari; landare eta alga fotosintetikoen eraginez, atmosferan eta itsasoan ugaritu, eta gaur egun ohikoak diren arnasketa-sistemak dituzten animaliak garatzen hasi ziren. Animalien eboluzioan salto bat izan zen gertaera hori. Eta ez zen gertaera bakarra izan. Massachusettseko Woods Hole erakunde ozeanografikoko zientzialari batzuek Nature aldizkarian adierazi dutenez, oxigenoaren maila gutxienez beste bi aldiz handitu zen, hain zuzen ere, bi glaziazio globalen ondorengo garaietan.

Glaziazio globaletan, planeta osoa --edo ia osoa-- glaziarrez estali zen, eta, zientzialarien ustez, glaziarren higaduraren ondorioz, fenomenoen kate bat abiatu zen. Higadurak harri asko txikitu, eta, glaziarrek atzera egitean, fosforo-kantitate handia askatu zen. Fosforo hori itsasoraino iritsi zen, eta ongarria zen algentzat. Algak ugaritu egin ziren, eta, oro har, materia organikoa ere bai. Algen jardueraren eta materia organikoen sedimentazioaren ondorioz, oxigeno-kantitateak gora egin zuen bat-batean, glaziazio globalaren ostean. Eta horrek ere suspertu zuen animalien eboluzioa.

Hipotesi hori aztertzeko, zientzialariek itsasoaren fosforo-mailaren eboluzioa analizatu dute; maila horrek aldatu gabe iraun du, glaziazio globalen osteko garaietan izan ezik. Datu asko falta dira aztertzeko oraindik, hipotesia guztiz ontzat emateko, baina, aditu askoren iritziz, bide onean dago Massachusettseko taldea.

1
270
2010
12
009
Eboluzioa; Geologia
Albisteak
11

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia