Animalien etxekotze-sindromea ezeztatu dute
2019/12/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Animalien etxekotzeari buruzko ikerketa gehienak bat datoz, otzantasuna hautatzean eta bultzatzean, animalien itxura aldatzen dela. Ikerketa horien arabera, etxekotutako animaliek muturra espezie bereko kideek baino mutur laburragoa dute, belarri eroriagoak, buztan kizkurragoa edo ugalketa-sasoi zabalagoa. Etxekotze-sindromea deitzen zaio horri. Orain, ordea, ikerketa horien emaitzak eta ondorioak aztertzeko lan zabal bat egin dute, eta ezeztatu egin dute etxekotze-sindromea dagoenik.
AEBetako eta Britainia Handiko ikertzaileek aztertu dituzte orain arteko aurrekariak, eta, haien esanean, ondorioak puztuta daude, eta otzantzeak itxura fisikoa aldatzea dakarrela azaltzen duten hipotesiek ez dute froga nahikorik.
Trends in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu dute azterketa, eta, besteak beste, azeri zilarkararen esperimentuari jarri diote arreta. Hain zuzen, animalia basatiak etxekotzean itxura aldatzen duten adibidetzat hartzen da.
Dimitry Belyaevek hasi zuen esperimentua, XX. mendearen hasieran, 30 azeri arrekin eta 100 emerekin. Baina ez ziren basatiak, baizik eta XIX. mendearen erditik haztegietan bizi zirenak, larrugintzarako. Abiapuntu horrek baliogabetu egiten ditu ondorioak, ikertzaileen esanean.
Gainera, etxekotutako beste espezieekin ateratako ondorioak eta errealitatean behatutakoa ere ez datoz bat. Alegia, animalia batzuen itxura aldatu bada ere, aldaketa hori ez da beti era berean gertatu, eta ez dago aldaketa horiek etxekotze-sindromearen ondoriotzat hartzeko frogarik.
Horrenbestez, ikertzaileek adierazi dute jarraitu egin behar dutela etxekotzean gertatzen diren aldaketak (portaerazkoak zein itxurazkoak) eta haien jatorria ikertzen, etxekotzea hobeto ulertzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia