}

Animalien nortasuna

2007/07/22 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Animaliek badute nortasunik? Argi dago espezie batzuk oldarkorrak direla, eta beste batzuk, zuhurrak. Adibidez, harrapariak erasorako prest egoten dira beti, eta haien harrapakin izan daitezkeenek, berriz, erne egon behar izaten dute, ihes egiteko gertu. Baina espezie beraren barruan galdera bera egiteak badu zentzurik?
Zientzialariek 60 espezie baino gehiagotan behatu dute banakoen jokabidea.
argazkia: ARS

Gizakietan bai, noski, adibide ugarik erakusten dute egoera beraren aurrean banako bakoitzak bere erabakia hartzen duela. Esaterako, arrisku-egoera bat dagoenean, pertsona batek arriskuari aurre egin diezaioke, edo handik alde egin dezake, arriskutik ihesi. Banako bakoitzak zer erabaki hartzen duen nortasun-kontua da, bakoitzak duen izateko moduaren araberakoa, alegia.

Animalietan ere gauza bera gertatzen dela pentsatzea, ordea, zirikatzailea edo astakeria hutsa iruditzen zaio hainbati. Ezinezkoa iruditzen zaie animaliek nortasuna izatea. Alabaina, animaliekin harreman estua duten askok kontrakoa pentsatzen dute. Hala, abeltzain gehienek edo etxean animaliak dituztenek ez dute zalantzarik: oso litekeena da espezie bereko bi banakok oso jokabide desberdina izatea beti; hau da, duten nortasunaren arabera jokatzea. Beraz, haientzat animaliek badute nortasuna.

Erabakitzeko gaitasuna

Zientzialariak ere saiatu dira galdera horri erantzuten, eta, animalia-espezie asko aztertu ondoren -hasi inurrietatik eta primateetaraino-, animalia batzuek nortasuna dutela ondorioztatu dute. Hain zuzen, gutxienez 60 espezietan behatu dute espezie bereko banako batzuek eta besteek ez dutela berdin jokatzen egoera beraren aurrean.

Espezie beraren barruan, banako batzuk beste batzuk baino erasokorragoak dira.

Portaera-aniztasun hori aztertzeko, bizitzako zenbait egoeraren aurrean nola erantzun duten behatu dute. Hasteko, zientzialariek onartu dute animalia-espezie jakin batzuetan banakoak gai direla nola jokatu erabakitzeko, eta arrisku-egoeretan nola jokatzen duten aztertu dute.

Arrisku-egoeratzat uler daitezke, bai espezie bereko banakoen arteko lehia eta borroka, bai harrapariek ehizatzeko arriskuan jartzea edo egotea, eta bai baliabide-eskasia dagoenean ugaltzea erabakitzea. Lehenengo bietan ez dago zalantzarik zein den arriskua; baina hirugarrena ere, hain agerikoa ez bada ere, arrisku-egoera bat da. Izan ere, elikagai gutxi dagoenean, animaliek aukeratu egin behar dute: elikagai horiek bizirik irauteko erabili edo ugaltzeko erabili.

Hiru egoeretan, ikertzaileek frogatu dute espezie bereko animalia batzuk ausartak eta oldarkorrak direla, eta beste batzuek, aldiz, arriskutik ihes egiteko joera dutela edo zuhurrak direla. Gainera, hainbat espezietan, hala nola arrain, hegazti eta karraskari batzuetan, zientzialariek ikusi dute erantzunak lotuta daudela; alegia, bizitzaren alor batean ausarta dena besteetan ere halakoxea dela. Halaber, joerek urtetan irauten dutela ikusi dute; beraz, animalia bakoitzak bere nortasunari eusten dio.

Txakur-jabe gehienak bat datoz animaliek nortasuna dutelako ideiarekin.

Azkenik, badirudi banakoek galtzeko arriskuan dutenaren arabera hartzen dutela jarrera bat edo beste bat. Nonbait, bizitzan asmo handiak dituztenak, galtzeko asko dutenak, zuhurragoak izaten dira galtzeko gauza handirik ez dutenak baino. Horiek, adibidez, borroka-arrisku baten aurrean atzera egingo dute, eta harraparietatik ezkutatzeko joera izango dute.

Horrenbestez, beste behin ere, ikertzaileek erakutsi dute animaliak eta pertsonak ez garela hain desberdinak. Orain, nortasunak oinarri genetikoa ote duen ikertzen ari dira, eta hautespen naturalak nortasun-aniztasunean zer eragin duen ere jakin nahi dute. Jakin-minak ez baitu mugarik.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia