Anputazio baten frogarik zaharrena aurkitu dute duela 31000 urteko eskeleto batean
2022/09/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sangkuliran-Mangkalihat penintsulan, Borneoko alde indonesiarrean, duela 31.000 urteko eskeleto bat aurkitu dute, ezker hanka anputatuta duela. Anputazioa garbia da, kirurgia bidez egindakoa; horrenbestez, halako operazio baten ebidentziarik zaharrena bihurtu da.
Eskeletoa 19-20 urteko pertsona batena dela ondorioztatu dute. Moztutako tibia eta peronearen neurriak eskuineko hankekoekin alderatuta, berriz, uste dute haurra zelarik operatu zutela, hil baino 6-9 urte lehenago, gutxienez. Alegia, operatu ez ezik, zauria ondo sendatzeko zaindu zutela, eta, gero ere, aurrera egiten lagundu ziotela. Australiako eta Indonesiako arkeologoek egin dute aurkikuntza elkarlanean, eta Nature aldizkarian eman dute horren berri, irekian.
Aurkikuntzak atzera botatzen du medikuntzaren eboluzioari buruz aurrez zegoen ikuspegia. Izan ere, lehen uste zen duela 10.000 urte inguru sortu zirela operazio medikoak, Neolitoko iraultzan. Orain arteko aztarnarik zaharrena Buthirefriger-Boulancourten, Frantzian, aurkitutako nekazari batena zen: duela 7000 urte, besaurrea moztu eta landu zioten.
Oraingo aurkikuntza askoz ere zaharragoa da. Zehazki, labar-arte zaharrenetakoa duen kobazuloetako batean aurkitu dute, Liang Tebo izenekoan. Ikertzaileek gogorarazi dute operazio kirurgikoak mendebaldeko gizartean ez zirela arrakastatsuak izaten duela 100 urtera arte. Horrenbestez, benetan da esanguratsua duela 31.000 urte halako kirurgia bat egiteko gai izatea, eta lortzea pazientea onik ateratzea eta beste hainbat urtez bizitzea. Esan nahi du hezurren eta odol-zirkulazioaren ezagutza zutela, tresneria egokia zutela, eta infekzioak galarazteko jakintza.
Zauria ez infektatzeko eta mina arintzeko sendabelarrak erabiliko zituztela iradoki dute ikertzaileek. Ez dute baztertu, gainera, sapiensen kolonizazio goiztiarrak Borneon teknologia eta praktika mediko aurreratuak sustatu izana kultura haietan. Adibidez, hango klimarekin infekzioak azkar hedatzeak agian bultzatu zituen sendabelarrak aurkitzea Borneoko landare-dibertsitate oparoan. Horrekin batera, ondorioztatu dute, halabeharrez, komunitate sendo batek zaindu zuela. Traumatismoak eta bestelako istripuak ohikoak ziren garaian, pazientea, artean haurra zela, trebeziaz operatu zuten, zauria ondo zaindu zioten, eta heldu bilakatu arte lagundu. Horrek guztiak sen komunitario indartsua zutela erakusten du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia