Antartidako estazio ibiltaria
1987/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antartidan sobietar estazio batek itsasorako bidea hartu du iceberg baten gainean. Druzhanaya estazioa hutsik zegoen lerrakuntza hasi zenean, baina joan den abenduan zientzilari-talde batek bertara lanera joan behar zuen Antartidako udaren hasieraz baliatuz. Iceberg-ak bere bizkarrean argentinarrek utzitako "General Belgrano" estazioa ere eraman du.
Sobietarren estazioa 1975.ean eraiki zen; itsas ertzetik gertu, Filchner izotz-geruza handian. 130 lagunek erabiltzen zuten base moduan udan zehar, gertu dituen Pensacola eta Shackleton mendikateetan azterketa geologikoak egiteko.
Izoztz-geruzaren haustura, 1986.eko urtarrilaren 3an detektatu zuen NOAA-9 sateliteak lehenengo aldiz. Orain hiru puska daude, bakoitzak Gipuzkoaren tamaina gutxigorabehera bi aldiz duelarik.
Iceberg handien askatzea fenomeno harrigarria baina ezaguna da. Gertatu berri den hau duela 30 urtez gero espero bazen ere, noiz gertatuko zen ez zen ezagutzen. Espero ez zena, Larsen izotz-geruzako 6000 km2 ere askatuak izatea zen. Izotz-geruzen lodiera kontutan harturik, askatu den izotz guztiak 6000 km3 ur ditu. Hau da, Antartidaren urteroko batezbesteko izotz-galera baino hiru aldiz gehiago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia