}

Antartikako animaliak, hotzean goxo

2002/09/13 Elhuyar Zientzia

Lurraren beroketa iragartzen duten eredu klimatikoak oker ez badaude, Antartikako itsas hondoan bizi diren milaka espezie desagertzeko arriskuan egongo dira mende hau bukatu baino lehen. Hala ohartarazi dute Antartikan jarduten duten Britainia Handiko ikertzaileek.

Aditu horien azterketek garbi utzi dute izoztutako kontinentearen ertzean bizi diren ornogabe gehienek ezingo dutela aurrera egin inguruan aurreikusten diren aldaketak gertatzen badira. Izan ere, beroketa dela eta, inguruko tenperatura 4-5°C igotzea espero da. Eta ikerketaren emaitzak eztabaidaezinak dira: iritsiko den tenperatura horretan jarritako txangurru, txirla, isopodo eta beste animalia guztiak hil egin ziren.

Nonbait, ornogabeek gaitasun mugatua dute beren gorputzean oxigenoa banatzeko. Inguruaren tenperatura igotzen denean beren gorputzaren tenperatura ere igo egiten denez, oxigeno gehiago behar dute. Baina oxigenoak ezin du ehun guztietara iritsi; ondorioz, asfixiaz hiltzen dira.

Dena dela, Antartika berotzea ez da hain kaltegarria izango beste krustazeo batzuentzat. Hala, krill-a, ugaztun eta arrain askoren elikagaia, aurrera egiteko gai izango dela uste dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia