}

Antartikako izotza, Lurraren klimaren artxiboa

2004/07/04 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Antartikan izotz-geruza lodia dago kontinentearen gainean. Geruza hori lodien den inguru batetik atera dute, beherantz zulatuta, hiru kilometrotik gorako izotz-muin edo zilindro bat. Hainbat urteko lan hori motela eta nekeza izan da, baina zientzialariek uste dute merezi izan duela. Izan ere, izotz hori aztertuz, klima eta atmosferaren eboluzioari buruzko informazio garrantzitsua lortzea espero dute.
Izotzak klimari buruzko informazio garrantzitsua gordetzen du.

Izotzak, eratzen denean, une horretako atmosferaren konposizioa eta klimaren ezaugarriak gordetzen ditu. Antartikakoa pilatuz joan da urte askoan, eta, beraz, garai desberdinetako datuak ezagutu daitezke hura aztertuta. Izotzaren ikerketak erakutsi du, besteak beste, atmosferan dagoen CO2 kantitatearen eta tenperaturaren arteko lotura estua dela. Orain lortu duten izotz-muina inoiz ateratako luzeena da, eta azken 740.000 urteetako klimaren erregistro ezin hobea da.

Zilindro hori ateratzeko, urtean bizpahiru hilabetez baino ezin izan dute lan egin, klima gogorraren eraginez. Kontinentearen ekialdean dagoen Dome C izeneko tokia izan da zulatzeko gunea, eta inguru hartan tenperatura oso baxua izaten da urteko garai batzuetan. Horregatik, Antartikako uda aprobetxatu behar izan dute zulatzeko, orduan baitute girorik "epelena", -25 ºC ingurukoa.

Kanpoko hotzari aurre egiteko, berogailu indartsuak dituzte Dome C-ko zientzialariek denda eta barrakoietan, dutxa beroak har ditzakete noiznahi eta sauna ere badaukate. Baina erosotasun horiek guztiak dituzten arren, kanpoan zulatzen ari direnean lan gogorra egin behar dute.

Lan motel eta gogorra

Metalezko tutu bat da izotza ateratzeko erabiltzen duten tresnaren osagai nagusia. 3,5 metro luze eta 10 zentimetro zabal da, eta muturrean du zulatzeko makina. Aldi bakoitzean metro batzuk zulatzen dira, eta izotz-muina tutuaren barruan geratzen da. Ondoren, tutua azalera ekarri eta muina atera, erregistratu eta gorde egiten dute, eta zulora itzultzen dira berriro hurrengo metroak ateratzeko.

Zientzialariek muturreko baldintzetan egin behar dute lan Antartikan.

Zulaketa kontu handiz egin behar dute, edozein unetan sor daitezke eta arazo teknikoak. Hasierako metroetan, adibidez, aire-burbuila asko dago, eta, ondorioz, izotza askoz apurkorragoa da. Azaleratzen dutenean, gainera, bat-

bateko presio-jaitsierak izotza eztandarazi eta erabat txikitu dezake.
Bestalde, izotz-printzek mekanismo guztia traba dezakete. Hori gertatu zen Dome C-n 1998-99ko zulatze-sasoian, eta ezin izan zuten tutua berreskuratu. Ondorioz, zuloa utzi eta beste leku batean hasi behar izan zuten hasieratik, eta horrek atzerapen handia ekarri zuen.

Lanak aurrera egin ahala, gero eta luzeagoa da prozesu guztia. Dome C-n, hiru mila metrotik behera ari zirenean, ordubete behar zuten tresna azalera ekartzeko bakarrik.

Proiektuaren helburua izotz-geruza osoa zulatzea zen, baina 3.100 metrora heldu zirenean beste arazo bat izan zuten. 100 metro inguru baino ez ziren falta, eta izotza urtze-puntutik hurbil zegoela ikusi zuten. Dirudienez, lurzoruko bero-iturri geotermal baten eragina zen.

Antartikako gune ezberdinetan ari dira Europako ikertzaileak lanean.

Horrek arrisku handia zuen zulagailuarentzat, izotz hori birkristaldu egin zitekeelako eta mekanismo guztia blokeatu. Lanak bertan behera uztea erabaki zuten, orduan, baina azarorako arrisku hori saihesteko teknikak prestatu eta itzuli egingo dira falta diren metroak ateratzera.
Ikerketa abian da

Bitartean, 3,1 kilometro horietako pusketak ikertzen hasi dira. Lanak Europako EPICA izeneko proiektuaren barruan ari dira burutzen, eta ateratako izotz-pusketak kontu handiz bidali dituzte Europako hainbat laborategitara. Zilindro-zati guztien laurden bat, bestalde, Antartikan geratu da, baten batekin arazoren bat izanez gero ordezkoa izateko.

Laborategietako zientzialariek ere, nahiz eta inguru epelagoetan egon, neguko arropa eta material egokia beharko dute, izozkailu erraldoietan egin behar baitute lan. Laginak aztertzen dituztenean, garrantzi berezia du izotzean harrapatutako antzinako aireak. Denetarik ari dira neurtzen, karbono dioxidoa, metanoa, nitrogeno-oxidoak, nitrogeno- eta oxigeno-isotopoak...

Laborategiko ikerketak hasi baino ez dira egin, baina dagoeneko kaleratu dituzte lehenengo emaitzak. Horietako bat izotzak hartzen duen denbora-tartea da, gaur egunetik duela 740.000 urtera arte.

Inoiz lortu den izotz-muinik luzeena atera dute Dome C izeneko kanpamenduan.

Bestalde, bereziki garrantzitsua den garai bati buruzko hainbat datu ere lortu dituzte. Garai hori duela 425.000 eta 395.000 urte artekoa da, eta orduan izan zen, azken aldiz, Lurraren orbita gaur egungoaren berdina.

Lehenengo datuek erakutsi dute garai hura, oraingoa bezala, glaziazio arteko aldi epela zela, eta oso antzekoak zirela klima eta atmosferaren konposizioa. Ikertzaileen esanean, berdina zen orduko CO2 kantitatea eta aro industrialaren aurrekoa. Datu horien interpretazioaren arabera, berotze globalaren efekturik ez balego, 16.000 urte itxaron beharko genuke hurrengo glaziazioa ikusteko.

Azterketak luzatu egingo dira oraindik, eta etorkizunerako iragarpen zehatzagoak egiteko informazio garrantzitsua lortzea espero dute zientzialariek. Berotegi-gasen eragina hobeto ulertzea izango da haien helburu nagusietako bat.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia