Antartikako izotza, ur gainean azkarrago
2007/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antartikako izotz-geruzaren azpian, ur likidoak laku asko sortu ditu. 150 baino gehiago dago; handiena --eta ospetsuena--, Vostok lakua, aspalditik da ezaguna, baina geologoak oraindik ari dira beste laku batzuk aurkitzen. Geologo estatubatuar batzuek orain arteko bigarren eta hirugarren handienak aurkitu berri dituzte. Eta, haien neurketen arabera, lakuen ondorioz, izotzak azkarrago egiten du itsasoranzko bidea.
Laku handien gunera iritsi baino lehen, glaziarrek bi edo hiru metro egiten dute aurrera urtebetean. Lakuen gainetik pasatu ondoren, berriz, hogeita hamar metro egin ditzakete urtean. Nolabait, ur likidoak labainarazi egiten du izotza, eta horregatik joaten da azkarrago itsasoranzko bidean. Baina adituek ez dakite zehatz-mehatz nola gertatzen den prozesu hori. Hain zuzen, klima-aldaketa aztertzen duen nazioarteko taldeak adierazi du txosten batean garrantzitsua dela horrelako prozesuak ikertzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia