Antartikako Penintsula epe laburrean inbaditu dezaketen espezieak identifikatu dituzte
2020/01/13 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ikerketa batek datozen hamar urteotan Antartikako Penintsula inbaditzeko arrisku handiena ekarriko duten munduko animalia- eta landare-espezieak identifikatu ditu. Ikertzaileen arabera, hamairu espezie dira arrisku handiena sortzen dutenak; tartean, hainbat muskuilu eta karramarro, eta baita loredun landareak, akaroak eta bestelako artropodoak ere.
Ehunka ikerketa eta datu-base aztertu dituzte espezie inbaditzaile arriskutsuenen bila. Izan ere, poloetako komunitate biologiko itsastar zein lurtarrak oso zaurgarriak dira munduko beste tokietatik iritsitako espezieen inbasioaren aurrean. Kasu batzuetan, komunitate biologikoak suntsitzeko arriskua ikusi dute Global Change Biology aldizkariak argitaratutako lanean.
Hazten ari den turismoa, ikerketa zientifikoko jarduerak eta arrantza aipatu dituzte, besteak beste, espezie arrotzen eramale gisa. Bisitariek beren arropa eta oinetakoetan ekar ditzakete haziak zein lur-arrastoak; penintsulara janaria ekartzeko azpiegiturek ere intsektuak, landareak zein sagu eta arratoiak ekarri ohi dituzte; eta itsasontzietako kroskoetan urrutiko espezie itsastar ugari etortzen da.
Antartikako Penintsulan oraingoz hotzagatik zabaldu ez diren arren, Marion Irla eta Hegoaldeko Georgia bezalako eremuak jada inbaditu dituzte espezie arrotz batzuek. Batez ere, ikerketa-estazioen inguruan eta bisitarien guneetan ezarri dira espezie ez natiboak. Inbaditzaileek aurrerago jo ez dezaten, biosegurtasunerako kontrol integralak ezartzeko eskatu diete ikerketaren egileek han aritzen diren zientzialariei eta turismo- eta arrantza-sektoreari.
Hauek dira datozen hamar urteotan Antartikako Penintsulan kaltea eragin dezaketen hamairu espezie inbaditzaile nagusiak:
- Mytilus chilensis muskuilua
- Mytilus edulis muskuilua
- Protaphorura fimata hexapodoa
- Nanorchestes antarcticus akaroa
- Halicarcinus planatus karramarroa
- Ciona intestinalis filtratzailea
- Leptinella scariosa lehorreko landarea
- Botryllus schlosseri ornogabe itsastar koloniala
- Carcinus maenas karramarro europarra
- Undaria pinnatifida alga asiarra
- Leptinella plumosa landare lurtarra
- Chaetopterus variopedatus poliketoa
- Mytilus galloprovincialis muskuilu mediterranearra
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia