}

Antartikan elektrizitatea modu jarraituan sortzea lortu dute, bero geotermikoa baliatuta

2024/02/06 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

antartikan-elektrizitatea-modu-jarraituan-sortzea
Miguel Araiz (ezk.) eta David Astrain NUPeko ikertzaileak, Lurraren beroa elektrizitatea sortzeko baliatzen duten sorgailu termoelektriko geotermikoetako baten ondoan. Arg. NUP

Munduan lehen aldiz, Antartikan elektrizitatea modu jarraituan ekoiztea lortu dute, bero geotermikoa baliatuz. Egitasmoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileek sortu eta probatu dute Deception uhartean, eta, baieztatu dutenez, aurrerapen handia da fenomeno geologikoak eta bolkanikoak denbora errealean monitorizatzeko. 

NUPeko ikerketa-taldeak Seebeck efektuko modulu termoelektrikoak erabili ditu, bero geotermikoa energia elektriko bihurtzen duten gailuak. Modulu horiek funtzionatzeko, alde bat beroa eta bestea hotza izan behar dute: Lurraren beroak moduluaren alde bat berotzen du, eta Antartikako aire hotzak bestea hoztu. Ikertzaile-taldeak, beharrezko diferentzia hori sortzeko, efizientzia handiko bero-trukagailu batzuk garatu ditu, lurrean 40 zentimetroko sakoneran dagoen bero geotermikoa modulu termoelektrikora garraiatzeko gai direnak tenperatura oso gutxi galduta.

Gainera, sorgailu termoelektriko geotermiko horiek ez dute parte mugikorrik erabiltzen. Horri esker, mantentze-lanak minimora murrizten dira, eta gai dira Antartikako kondizio gogorrak jasateko. Hego Poloko lehenbiziko kanpaina honetan, sorgailu termoelektrikoen bi prototipoek 6 W-eko potentzia elektrikoa erregistratu dute dagoeneko, sumendien zaintzarako eta ikerketarako sentsoreak elikatzeko eta urte osoan funtzionarazteko adinakoa (neguan barne). 

Teknologia modularra denez, potentzia handitzeko aukera ematen du, modulu termoelektriko gehiago instalatze hutsarekin. Ikertzaileen esanean, lortutako lehenbiziko emaitzen arabera, posible da auto-bateria baten parekoa sortzea. Hain zuzen, hori da zientzialariek Antartikan erabiltzen dutena. NUPen sistemak, baina, abantaila bat du: inoiz ez da agortzen, elektrizitatea etengabe sortzen baita gailu termoelektrikoei esker. 

Antartikan lanean ari diren ikertzaileen artean dago Leyre Catalán Ros. Duela bi urteko elkarrizketan, halaxe adierazi zuen, Ekinean atalerako egindako elkarrizketan:  "Zirraragarria da aurretik inork egin ez duen zerbait lortzea".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia