Antenak, orientazioa eta migrazioa
2009/11/29 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Tximeletok badute iparrorratz mugikor horretara egokitzeko mekanismorik, eta horri esker ez dira mugitzen Eguzkiarekin batera. Bada, Science aldizkarian berri eman dutenez, antenetan dute monarka tximeletek mekanismo hori. Massachusetts Unibertsitateko neurobiologo-talde batek eman du horren berri, monarka tximeletekin hainbat esperimentu eginda.
Mekanismo hori non ote duten aurkitzeko asmoz, lehenik, tximeleta batzuei antenak moztu zizkieten, eta haien portaera aztertu zuten. Ikusi zuten orientazioa zeharo galdu zutela, eta zoriz aukeratutako norabideak hartu zituztela hegan egiteko.
Ondoren, moztu beharrean, esmaltez margotu zizkieten antenak: tximeleta-talde bati esmalte beltz opakuz, eta beste bati, esmalte argiz. Ikusi zuten bi taldeetan tximeleta guztiek norabide bera hartu zutela, eta, beraz, orientatzeko mekanismoa martxan zegoela. Antenak beltzez margotuta zituzten tximeletek, ordea, ez zuten norabide zuzena hartu, Eguzkiaren argia ez zelako iristen mekanismoraino. Antenak esmalte argiz pintatuta zituzten tximeletek, berriz, hasieratik hartu zuten norabide egokia.
Migratzen duten animalia guztiek behar dute bidean doazela orientatzen lagunduko dien sistemaren bat eta erreferentzia-punturen bat (Argazkia: Eric Rider).
Eta tximeleta ez direnek, zer?
Jakina, tximeletez gain, hainbat eta hainbat animaliak egiten dute migrazioa beren bizitza-zikloan zehar: beste intsektu mordo batek, hainbat hegaztik, saguzarrek, zebrek, ñuek eta baleek, arrain batzuek, hala nola izokinak, eta abarrek.
Noski, guztiek behar dute bidean doazela orientatzen lagunduko dien sistemaren bat eta erreferentzia-punturen bat. Eguzkiaz hainbat animalia baliatzen dira. Hori bai, antenarik ez dutenek, eta antenak dituzten batzuek ere bai, garunean dute sartuta Eguzkiari egokitzeko mekanismoa.
Eguzkia ez da, baina, orientatzeko bide bakarra. Animalia gautarrek, adibidez, ezin dute Eguzkian oinarritu. Bada, horietako batzuetan ikusi dute zeruan ilargiak eta izarrek duten kokapena hartzen dutela erreferentzia gisa.
Horrelako gauzak jakiteko, Kramer izeneko ikertzaile batek asmatutako metodoari jarraitzen diote zientzialariek: kaiola antzeko batean sartzen dituzte hegaztiak, eta, kaiolaren kanpoaldean, ustez erreferentziatzat hartzen dituzten kondizioak simulatzen dituzte.
Horrela ikusi ahal izan dute, adibidez, txinboek, Europatik Asiara migratzen dutenez, noranzko jakin bat hartzen dutela Alemanian edo Errumanian gauez ikusten den zerua jarriz gero, eta beste bat Zipreko zerua jarriz gero.
Aurreko migrazio batzuetan ikusitako errekak, mendilerroak, kostaldeak eta abar gogoratzen dituzte animalia batzuek nondik joan behar duten jakiteko (Argazkia: Tatiana Gerus) .
Zeruan beharrean, lurrean bilatzen dituzte erreferentziak beste animalia batzuek. Hau da aurreko migrazio batzuetan ikusitako errekak, mendilerroak, kostaldeak eta abar gogoratzen dituzte nondik joan behar duten jakiteko.
Eta beste animalia batzuk ez dira ikusmenean oinarritzen orientatzeko. Badago, adibidez, Lurraren eremu magnetikoa erabiltzen duen animaliarik. Adibidez, hainbat hegaztitan burdinadun molekulak aurkitu dituzte garunean. Molekula horiek Lurraren eremu magnetikoarekin lerrokatzen dira, iparrorratzen antzera. Hala, hegaztiek badakite non dauden, eta norantz jo behar duten erabaki dezakete.
Horiek guztiak irakurrita, irudi dezake zehatz-mehatz ezagutzen dituztela zientzialariek animalien migrazioen nondik norakoak. Baina, egia esan, gauza asko eta asko dituzte oraindik argitzeke. Besteak beste, zer mekanismo zehatz dituzten garunean, eta, tximeleten kasuan, antenetan. Ez da gutxi, ez...
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia