}

Antibiotiko berria, etorkizun ezezaguna

2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antibiotiko berria, etorkizun ezezaguna
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: USDA)

Antibiotiko berri bat aurkitu dute Merck ikerketa-laborategiek, azken hogei urteotako lehenengoa. Platensimizina du izena eta beste antibiotiko batzuekiko erresistenteak diren ospitaleetako hainbat bakterio hiltzen ditu, Staphylococcus aureus, besteak beste.

Bakterioak hiltzeko erabiltzen duen estrategia desberdina da beste antibiotikoen aldean. Platensimizinak bakterioaren entzima bat (FabF) oztopatzen du; entzima horrek gantz-azidoen ekoizpenean hartzen du parte, eta, ondorioz, bakterioa gantzez osatutako mintzak egin ezinik geratzen da.

Antibiotikoa bakterioen aurrean eraginkorra dela ikusi dute, baina oraindik asko geratzen da merkatura iristeko. Egia esan, ikusteko dago merkatura iritsiko den. Izan ere, diru-inbertsio handia egin beharko du Merckek. Proba klinikoak garestiak dira eta luze jotzen dute. Eta, proba guztiak gaindituta ere, posible da antibiotikoa merkaturatu eta gutxira bakterioek erresistentzia garatzea eta antibiotikoak eraginkortasuna galtzea. Ondorioz, ez lukete irabazirik izango. Traba asko dira, beraz.

Baina, trabak traba, Merckeko ikertzaileek esan dute aurrera egiteko asmoa dutela.

1
221
2006
6
037
Farmakologia; Biologia; Biokimika; Medikuntza
Berriak labur
14