}

Antibiotiko berria, etorkizun lausoa

2006/07/02 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ez da ohiko albistea; izan ere, azken hogei urteotan lehenengoa da. Antibiotiko berri bat aurkitu dute Merck botika-etxearen ikerketa-laborategietan. Platensimizina du izena eta orain arte ikusi dute oso eraginkorra dela. Bada, hala eta guztiz ere, baliteke inoiz ez iristea merkatura.
Antibiotiko berri gutxi ateratzen da, eta gehienak dagoeneko badirenen aldaerak dira.

Platensimizinaren aurkikuntzarekin baikor agertu dira ikertzaileak. Ez da harritzekoa, posible baita arazo larri bati konponbidea ekartzea antibiotiko berri honek: a ntibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen arazoari, hain zuzen.

Izan ere, beste antibiotiko batzuekiko erresistenteak diren ospitaleetako hainbat bakterio hiltzen ditu, Staphylococcus aureus , besteak beste.

Entzima bat jomugan

Ospitaleen inguruan kezka handia sortzen du Staphylococcus aureus bakterioak, antibiotiko gehienek ez baitiote eragiten: erresistentea da.
(Argazkia: FDA)

Horrelako bakterioak hiltzeko platensimizinak erabiltzen duen estrategia hau da: gantzez osatutako mintzak egin ezinik uzten du bakterioa. Horretarako, entzima bat (FabF) oztopatzen du. Entzima horrek bakterioaren gantz-azidoen ekoizpenean hartzen du parte, eta, antibiotikoaren eraginez, bakterioak ezin ditu mintz berriak egin, ez eta hondatutakoak konpondu ere. Hala, bakterioa hil egiten da.

Bakterioak hiltzeko antzeko estrategia erabiltzen duten beste bi antibiotiko ere badira, triklosana eta isoniazida. Baina, oro har, antibiotikoek bestelako estrategiak erabiltzen dituzte: proteinen, zelula-paretaren edo DNAren ekoizpena oztopatzen dute. Estrategia horien aurrean erresistentziak sortu dituzte hainbat bakteriok. Gonokozia eragiten duen bakterioaren andui batzuei, esate baterako, ez die eragiten ohiko tratamenduak (tetraziklina eta penizilina antibiotikoak). Era berean, ospitaleetan zabaltzen den Staphylococcus aureus -ek erresistentzia garatu du ohiko estrategiak darabiltzaten hainbat antibiotikoren aurrean.

Hori dela eta, nabarmentzekoa da antibiotiko berriak darabilen estrategia bera ere berria izatea bakterioentzat. Seguruenera, estrategian dago antibiotiko berri horren arrakastaren gakoa.

Bide luzea eta zaila

Bakterio guztiek ez dituzte gaixotasunak sortzen; alderantziz, gehienak onuragarriak zaizkigu.

Alde horretatik, beraz, antibiotikoa eraginkorra dela ikusi dute laborategian. Baina oraindik asko geratzen da merkatura iristeko. Egia esan, ikusteko dago merkatura iritsiko den. Izan ere, diru-inbertsio handia egin beharko dute Mercken.

Lehenengo, proba klinikoak egin beharko dituzte. Orain arte, saguekin probatu dute antibiotikoa, laborategian; eta, esan bezala emaitza onak izan dituzten arren, baliteke giza gorputzean ez izatea erantzun bera bakterioen aurrean, egonkorra ez delako, esate baterako. Bada, gizakiekin egin beharko dituzte probak, eta proba kliniko horiek garestiak dira, eta luze jotzen dute.

Proba horiek guztiak gaindituta ere, posible da antibiotikoa merkaturatu eta gutxira bakterioek erresistentzia garatzea eta antibiotikoak eraginkortasuna galtzea. Ez litzateke lehenengo aldia izango antibiotiko bat atera eta aste gutxira ekoizteari utzi behar diotena dagoeneko ez delako eraginkorra.

Halakorik gertatuko balitz, botikaren ekoizleek ez lukete irabazirik izango. Hainbeste lan pikutara! Beraz, traba asko ditu bidean. Baina, trabak traba, Merckeko ikertzaileek esan dute aurrera egiteko asmoa dutela.

7K-n argitaratua.