}

Antibiotiko berriak identifikatu dituzte sare neuronalen bidez

2023/12/20 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

antibiotiko-berriak-identifikatu-dituzte-sare-neur
Arg. Christine Daniloff, MIT; Janice Haney Carr, CDC; iStock / CC BY-ND

Bakterio erresistenteei aurre egiteko balio duten antibiotiko berriak aurkitu dituzte, adimen artifiziala erabiliz. Saguetan frogatu dute konposatu horiek eraginkorrak direla Staphylococcus aureus metizilinarekiko erresistenteen (MRSA) aurka, eta ikusi dute toxikotasun oso txikia dutela giza zelulentzat. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak

MITeko ikertzaile batzuek ikasketa sakoneko eredu bat entrenatu zuten 39.000 konposaturen eragin antibiotikoaren eta egitura kimikoaren informazioarekin. Horrez gain, beste hiru eredu entrenatu zituzten konposatuak hiru giza zelula motarentzat toxikoak ziren iragartzeko. Eredu-sorta hori erabiliz, 12 milioi konposatu aztertu zituzten, guztiak merkatuan eskuragarriak. Horrela, bost konposatu-mota identifikatu zituzten, haien egitura kimikoaren arabera, MRSAren aurka eraginkorrak izan zitezkeenak. 

Horrelako 280 konposatu inguru probatu zituzten laborategian, eta ikusi zuten mota bereko bi konposatu oso hautagai onak izan zitezkeela MRSAri aurre egiteko, bakterio horien populazioa 10 aldiz txikitzea lortzen zutelako. Esperimentuek erakutsi dute konposatu horiek bakterioak hiltzen dituztela mintzeko gradiente elektrokimiko mantentzeko gaitasuna oztopatzen dietelako. Bakterio-mintzei soilik eragiten diete, eta ez giza zelulen mintzei.

Bestalde, ikerketaren berrikuntza garrantzitsuenetako bat da ikertzaileek lortu dutela erauztea ikasketa sakoneko sistemak zer informazio eta arrazoiketa erabili duen konposatuen ahalmen antibiotikoa iragartzeko. Izan ere, orain arte, sistema horien arazoetako bat zen kutxa beltz gisa funtzionatzen zutela. Eta informazio hori oso baliagarria izan liteke antibiotiko are eraginkorragoak diseinatzeko, esaterako

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia