}

Antibiotiko eraginkorragoak sortzeko bidean

2002/05/09 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Britainia Handiko John Innes ikerketa-zentroan, antibiotikoen ekoizle nagusietako bat den Streptomyces coelicolor onddoaren genoma argitu dute.
Streptomyces coelicolor -en genomaren mapa zirkularra.

Streptomyces coelicolor onddoak eta familiako hainbat kidek egun erabiltzen diren antibiotiko guztien bi heren ekoizten dituzte. Horien artean, tetraziklina edo eritromizina antibiotikoak daude. Gainera, minbizia tratatzeko eta sistema immunitarioa ahultzeko erabiltzen diren hainbat substantzia ere ekoizten dituzte.

Genomak 8.667.507 base-pare ditu eta ustekabe bat baino gehiago dauzka bere baitan gordeta. Dirudienez, ingurune oso ezberdinetara moldatzeko gaitasun harrigarria dauka onddoak. Adibidez, aire-xixkuak sortzeko behar den genea duela aurkitu dute zientzialariek. Xixku horiek aurkitzea ez zuten inondik inora espero, mikroorganismo urtarren ezaugarria baita, eta streptomyces -ak lurzoruko mikroorganismoak baitira. Horrelako aurkikuntzek lurzoruko mikroorganismoen bizi-zikloa nolakoa den argitzen lagun dezakeela uste dute adituek.

Streptomyces coelicolor -ek kolonien ezaugarri ikusgarriena kolore urdina da.

Gainera, bakterio patogenoek antibiotikoekiko gero eta erresistentzia handiagoa dutela eta, Streptomyces onddoen genoma ezagututa, patogenoen aurkako tresna boteretsuagoak sortzea espero dute bioteknologian adituek. Orain arte ezagutzen diren antibiotikoen geneak erabiliaz, antibiotiko hibrido eraginkorragoak sortzea da haien helburua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia