Antibiotikoekiko erresistentzia itzulgarria izan daiteke
2001/03/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Royer Inouye-k eta bere taldeak Enterococcus faecalis bakterio infekziosoarekin egin dute beren lana. Bakterio-kulturan bankomizina antibiotikoari erresistentzia ematen zion genearen kopia osagarria sartu zuten. Kopiak berezko genearen bankomizinari aurre egiteko gaitasuna ezeztatzea lortu zuen. Eraldaketa horri esker, antibiotikoak erraz hiltzen du bakterioa.
Izan ere, bankomizinarekiko erresistentea den bakterio hori Estatu Batuetako ospitaleetan infekzio gehien sortzen duenen artean dago eta Europakoetan ere gero eta kalte gehiago eragiten du. Infekzioa batzuetan hilkorra izan daiteke eta bere hedapena kontrolatzea oso zaila da, ez dagoelako beste aukerarik bankomizinaz aparte.
Bakterioek antibiotikoekiko erresistente izateko proteina batzuen beharra dute eta proteina horiek kodetzen dituen genearen kopia osagarria da ikerlariek erabili dutena. Kopia osagarria den geneak ekoiztutako ARN-zatiek bakterioaren erresistentzia kodetzen duen genearen ARN-ereduak lotu eta desaktibatu egiten ditu. Hala ere, eragozpen asko daude gene horiek giza gorputzeko bakterioetara eramateko. Adibidez, gizakiaren hesteetan dauden bakterioak desagerrarazteko pilula bat hartuta ere, azalean, odolean edo zaurietan daudenei ez lieke eragingo. Gainera, ospitaleetan nonahi dauden bakterioetan genea nola sartu ere ez dakite.
Eragozpenak eragozpen, mikroorganismoen aurkako ordezkoak ikertzen jarraitzen dute, hala nola, bakterio erresistenteen aurkako birusen (fagoen) erabilera. Bereziki diseinaturiko fagoekin laborategiko animalietan Escherichia coli desagerraraztea lortu dute. Bakterioak fagoekiko erresistentzia garatzea lortuko balute, erresistentzia ematen dieten geneen kopia osagarria fagoen barruan sar liteke.
Ikerlariek lanean jarraitzen dute eta bakterioak gero eta erresistenteago egiten diren heinean, ikerlariek ere bide berriak urratzen dituzte, aurka egiteko modu eraginkorrena lortzeko saiakuntzak etengabe eginez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia